Itxi

2016/05/04

12:00

Gizartea

ERREPORTAJEA

'Bi aita ditut'

Maider Beistegi | EITB.EUS

Iñigok eta Gorkak bi ume txiki adoptatu berri dituzte. Gorkak eta Asierrek, berriz, harreran hartu zuten ume bat. Gipuzkoan sexu bereko gurasoez osatutako lehen familiak dira.

1:19
Adoptatzea lortu duen bikote homosexuala
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aspalditik espero zuen deia zen. Halere, eta albistea iritsiko zela bazekien arren, Diputazioaren deia jaso zuenean urduri zegoen Iñigo Altuna. Urduri, baina lasai. Bazekielako azkenean aita izango zela. Duela bi urte abiatutako adopzio prozesua amaituta, haurrak etxean izango zituzten. "Haurdunaldia laburra izan zen eta bikiak izan genituen gainera", esan dio, irribarretsu, Gorka Marcos Iñigoren senarrak ETBren 'El Foco' saioari. Duela hiru urtetik harreran zituzten bi umeak adoptatzea lortu dute 2015eko amaieran, adopzioaren bidez guraso izatea lortu duen sexu bereko lehen bikote gipuzkoarra izanik.

2005eko apirilean ezagutu zuten elkar, Espainiako Gobernuak homosexualei ezkontzeko aukera eman zion legea onartu baino bi hilabete lehenago. Ezkontzeko baimenarekin batera, umeak adoptatzekoa ere jaso zuten sexu bereko bikoteek lege horri esker. 2007an hitz egin zuten lehenengoz familia bat izateko asmoez, eta duela lau urte etorri ziren bikiak.

Prozesua luzea izan dela dio Gorkak: “Sentimenduak izoztuta izan behar dituzu, badakizulako denbora asko igaroko dela”.

Bi gipuzkoar hauen familiek hasieratik ulertu eta onartu dute Gorkaren eta Iñigoren guraso izateko beharra. “Zorte handia daukagu gure familiekin. Amama-aitona apartak ditugu”.

Atzera begiratzeko ariketa eginda, irribarrea ateratzen zaie. “Oso naturala eta erraza izan da, bizitzea tokatu zaigun garaiak lagunduta. Esker onekoak gara, borroka luze baten emaitzak jasotzen ari garelako. Beste bikote homosexual batzuek izan ez dituzten eskubideak ditugu”, azaldu du Gorkak.

Ingurukoek ere euren familia eredua normaltasunez hartu dute, Gorkaren berbetan. Horren ildoan, oraindik gizartearen atzetik ari direnak erakundeak direla deitoratu du.

Harrera

Gorka Zorraquino eta Asier Lizarragak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Izeba' proiektuan hartu zuten parte. Erakundeak zaintzapean dituen adingabeei laguntza emateko familiak edo boluntarioak bilatzen ditu ekimen horrek. Esperientziarekin pozik, urrats bat gehiago ematea otu zitzaien. Hala,  harrera familia egiteko eskaera egin zuten. Haur bat dute orain etxean, 18 urte bete arte zainduko dutena. Bi urte igarota, hartutako erabakiarekin harro daude. “Oso esperientzia aberasgarria da eta umeak 18 urte bete arte ikasten jarraituko dugu. Aldaketa handia izan da, baina haur biologikoak dituen beste edozein familiarentzat bezala. Merezi du”, nabarmendu du Asierrek.

adopzioak

Edozein familia ereduk har dezake haur edo nerabe bat harreran: bikote heterosexualak eta homosexualak, ezkongabeak, gazteak edo nagusiak. Enpatia izatea, adingabeen beharrizanei erantzuteko gaitasuna izatea, harreran hartzen den haurraren errealitatea ulertzea eta familia biologikoarekiko errespetua izatea dira bete beharrekoak. Inplikazioa eta konpromisoa ere garrantzitsuak dira oso.

Sexu bereko bikote bat izatea ez da oztopo izan Gorkarentzat eta Asierrentzat. “Ez dago aldez aurretik ezarritako ordena bat harrera familientzako. Adituek begiratzen dutena da zein izango den haur bakoitzari ondoen egokituko zaion familia”.

Familia biologikoek eta jendeak oro har harriduraz hartzen dute hasieran haurrak bi aita izatea. “Hasieran, bai, baina gero familiek ikusten dute haurra ondo dagoela, zoriontsua dela, eta dena ondo doa. Umeek, berriz, natural hartzen dute hasieratik, eta bi aita dituztela esaten dute galdetzen zaienean”.

Adopzioan ez bezala, harrera familietan dauden haurrek harremana dute euren gurasoekin, astero, hamabostean behin edo hilero bisitak eginda. Horren harian, Asierrek argi utzi du beraiek ez direla benetako gurasoak. “Gu harrera familia besterik ez gara, ez gara euren guraso biologikoak eta ez dugu inoiz hori ordezkatu nahi”.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;