Gizartea -
8.500 euro ostu zituzten
Bi pertsona atxilotuta Gasteizen, phising bidez iruzur egiteagatik
Haien sareak 27.000 euro inguru lapurtu ditu Estatu osoan. Atxilotutakoak 41 eta 22 urtekoak dira.
Erredakzioa
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen atzo Gasteizen, iruzur eginez 8.500 euro ostea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak informatu duenez.
Antza denez, on line bankuen pasa-hitzak Interneten lortzen zituzten, espioitza aplikazioak edo banketxeak bailiran biktimei mezu elektronikoak bidaliz.
Apirilaren 19an, baimendu ez zuen 2.806,08 euroko transferentzia egin ziotela salatu zuen bizilagun batek Meridan (Extremadura). Apirilaren 20an antzeko gertakizun bat salatu zuten Mostolesen (Madril). Kasu horretan, 2.791 eta 2.891,33 euroko bi transferentzia izan ziren.
Atxilotutakoak Gasteizko bi pertsona dira. Apirilaren 19an bertan, 2.806,08 euroko transferentzia kobratu zuten, baina gainerakoak ezin izan zituzten, euren kontu-korronteak blokatu egin zizkietelako.
Herrizaingo Sailaren arabera, bi atxilotuak bitartekariak ziren, eta sare batean sartu ziren. Haien lana zera zen: Euren kontu-korronteetan dirua jaso, eta ondoren atzerriko ustezko GKEtara bidaltzea. Trukean, transferitutako diruaren %5-10 jasotzen zuten.
Iruzurraren ustezko egileek mezu elektronikoak bidaltzen zizkieten biktimei, haien bankua izango balira bezala, eta ondoren, haien pasa-hitzetaz jabetzen ziren (phising deritzona).
Dirua lapurtzeko beste modu bat espioitza aplikazioak erabiltzea zen (pharming).
Sare honek 27.000 euro inguru ostu ditu Estatu osoan.