Gizartea -
Espetxeak
Gallizok esan du Alcala Mecon "jarrera erdeinagarriak" izan zirela
Mercedes Gallizo Espetxeetako idazkari nagusiak ez du baztertu langileek presoekin sexu harremanak izatea. Gallizok "gogor" zigortuko ditu jarrera horiek.
Erredakzioa
Mercedes Gallizo Espetxeetako idazkari nagusiak ez du baztertu Madrid I emakumeentzako kartzelako langileek presoekin sexu harremanak izatea.
Prentsaurreko batean Gallizok, "jarrera erdeinagarrien" aurrean, kartzelako zuzendaria, zuzendariordea eta administratzailea kargutik kentzera eta bi langile zigortzera behartu dituzten gertakariak azaldu ditu.
Kartzelako preso eta langileen artean, mesedeen truk, zituzten sexu harremanei buruz galdetu diotenean, "ezer baztertzen ez" duela erantzun du Gallizok. Presoei drogarik eman dietenaren frogarik ez dagoela argitu du ere.
Idazkari nagusiaren arabera, apirilaren 4an funtzionari bat presoen gelaxka batean sartu zen gaueko ordu txikietan eta bertan justifikatu ezin den denbora luzea eman zuen, adierazi du Gallizok.
Lehenengo irregulartasuna iragan urtarrilean izan zen, funtzionari batek zentro barruan, Gabon Zahar egunean batez ere, langile batzuek alkohola sartu zutela salatu zuenean zuzendariaren aurrean.
Apirilaren 4an aldiz, gertakaririk "larriena" izan zen eta apirilaren 7rarte zuzendariak ez zion idazkaritza nagusiari gertatutakoa komunikatu.
Gallizok adierazi duenez, ikerketa zabalik dago oraindik eta jarrera horiek "gogor" zigortuko dituela agindu du. Irregulartasun horiekin eta Berdintasun legearen artean egon daitezkeen loturak ukatu ditu ere.