Gizartea -
Gasteizen
9 hilabeteko kartzela-zigorra, haurrak autoan giltzapetuta uzteagatik
Arabako Fiskaltzak hasierako bi urte eta lau hilabeteko kartzela eskaera moldatu du eta alde guztiek onartu dute fiskalaren azken eskaera.
agentziak | erredakzioa
Gasteizko epaitegi batek 9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri die bi emakumeri adin txikiko hiru alabak auto barruan giltzapetuta utzi eta Gasteizko taberna batera joateagatik.
Arabako Fiskaltzak hasiera batean bi urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen bi emakumeentzat, adingabeak aldi baterako abandonatzea egotzita, baina goizean zehar eskaera aldatu eta azkenean alde guztiek onartu dute 9 hilabeteko kartzela-zigorra.
Halaber, horietako batek 540 euroko isuna ordaindu beharko du autoritateari erresistentzia eta desobedientzia leporatuta, eta beste emakumeak gizartearen mesederako 60 lanegun bete beharko ditu.
Jazoera 2014ko irailaren 6an gertatu zen, bi emakumeek zazpi urtez azpiko hiru neska autoan giltzapetuta utzi zituztenean "horrek zituen arriskuez jakitun baziren ere", Ministerio Publikoaren idatziak azaltzen zuenez.
Fiskaltzaren kontaketaren arabera, haurrak autoan utzi eta ostalaritzako saltoki batera joan ziren bi emakumeak. Bien bitartean, beren amak autora itzultzen ez zirela ikusita, haurrek 112 telefonora deitu eta "giltzapetuta" zeudela, "gose zirela", ez zutela jatekorik eta gaua zela ohartarazi zuten.
Gerora, emakumeek autora itzultzeko arazoak izan zituzten "mozkortuta zeudelako", Ministerio Publikoaren arabera. Gauzak horrela, inguruan zebiltzan oinezkoei laguntza eskatu zieten eta horiek Poliziari deitu zien.
Tokira bertaratu ziren udaltzainek auto barruan harrapatuta zeuden adin txikikoak topatu zituzten. Udaltzainek bi emakumeen kontrako atestatua zabaldu zuten eta horren berri izandakoan emakumeetako batek udaltzainetako bati eraso egin ei zion.
Fiskaltzak bere idazkian azaldutakoaren arabera, emakume horietako batek goiz horretan bertan bakarrik utzi zuen etxean beste seme bat, adin txikia, giltza barik; ama ez zetorrela ikusita, gaueko bederatziak aldera semea lagun baten etxera joan zen eta bertan gelditu zen aita heldu arte.