Gizartea -
Polverino taldea
Camorrako 21 ustezko kide absolbitu ditu ANk, proba faltagatik
Haxix-trafikoaren bidez lortutako dirua Espainian zuritzea, legez kanpoko sozietate bat sortuta, egotzi zieten. Horietako batek zigorra jaso du, armak erabiltzeko baimenik ez izateagatik.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Camorrako Polverino taldeko 21 kide absolbitu ditu. Epaitutakoei haxix-trafikoaren bidez lortutako dirua Espainian zuritzea, legez kanpoko sozietate bat sortuta, egotzi zieten. ANk, alabaina, ez du probatutzat jo dirua zuritu dutenik, ezta droga-trafikoan irabazitakoa denik.
21 akusatuon artean Giuseppe Polverino taldeko ustezko burua ere bazegoen. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 10 urteko eta lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen baina, azkenean, batek bakarrik -Vincezo Panico- jaso du zigorra, urtebete eta hilabetekoa, armak edukitzeko baimenik ez izateagatik.
Polverino 'O Barone' Napoliko Camorrako buruzagi nagusienetakotzat jotzen dute. 2012an Jerez de la Fronteran (Kadiz) atxilotu eta Italiara bidali zuten, bertan 60 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da, mafiaren kide izateagatik eta drogekin trafikatzeagatik.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren sekzioak zabaldutako epaiaren -110 orrialdekoa- arabera, ez dago daturik baieztatzen duenik Adejeko (Tenerife) turismo guneko batean eraikitako apartamentuak (Marina Palace deitutakoak) haxix-trafikoan lortutako diruarekin ordaindu direla.
Alfonso Guevara, Juan Pablo Gonzalez eta Fermin Echarri epaileen iritzian, halaber, ezin da probatutzat jo "akusatuen arteko kidetasuna, are gutxiago harreman hori erabili denik plan kriminal zehatz bat egiteko, horietako asko ez baitziren ezagutzen" eta "besteek lotura familiarrak, ekonomikoak edo bestelakoak dituztelako".
Auzitegiaren arabera, baztertuta dago ustez zuritzeko zuten dirua, Fiskaltzak eta Poliziaren txostenek ziotenez, haxix-trafikoaren bidez lortu dutenik, akusatuek "hainbat jardueren probak" aurkeztu dituztelako.
Hori dela eta, epaileek esan dute ez dagoela frogatuta akusatuak "mafiaren talde baten kide direnik, Kanarietan kapitalak zuritzeko, higiezinetan inbertituta".