Gizartea -
Mexikon adarkatua
Jose Tomasen egoerak onera egin du eta hitz egiten hasi da
Medikuek lagundutako arnasketa eta lasaigarriak kendu dizkiote eta txantxetan aritu da bere senideekin. "Guztiz" salbaturik dago, baina infekzio arriskua du oraindik.
Erredakzioa
Jose Tomas toreatzaileak adarkada larria jaso zuen iragan apirilaren 24an Aguascalienteseko (Mexiko) zezen plazan eta bere egoerak onera egin du hiri bereko Hidalgo ospitalean eta zainketa intentsiboetako unitatetik (ZIU) atera dute .
Bart lagundutako arnasketa eta lasaigarriak kendu zizkioten eta bere senideekin hitz egin du eta txantxetan aritu da. Tomasek gertakaria eta ospitalerako bidea gainetik gogoratzen du eta gogo ona du, zainketan diharduten sendagileen arabera.
Alfredo Ruiz Romero zirujau mexikarraren ustez, toreatzailea "guztiz" salbaturik dago, baina infekzio arriskua dago oraindik.
"Oso kutsatuta dauden zauriak dira. Nahiz eta garbiketak egin eta ziratutako ehunak kendu, (...) infekzio arriskua bertan dago", adierazi du Romerok.
Premiazko operazioa anestesiarik gabe
Alfredo Ruiz Romerok zezen plazan, ''Navegante'' arratsaldeko bosgarren zezenaren adarkadaren ostean, Jose Tomas sorotsi zuten lehenengo medikuen lana defendatu du.
"Espainian ere erizaindegian anestesia emateko tresna egokiak ez dituztela adierazi dute. Ez da egia. Kasuaren premiak horrela egitera behartu zituen", azaldu du zirujauak.
Ruiz Romeroren arabera, "anestesia emateko zainak prest edukitzea beharrezkoa da, zenbait lasaigarri ematea eta ondoren trakean hodi bat jarri oxigenoa eta anestesikoak sartzeko", Jose Tomas zaurituta zegoela ez zuten horretarako denborarik.