Gizartea -

Curueño ibaia

Bi txirrindulari hil dira Leonen kanal bat zeharkatu nahian

Ibaiak emari handia zeraman azken euriteen ondorioz, eta txirrindularientzat tranpa hilgarria bihurtu da.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asturiasko bi txirrindulari itota hil dira asteburuan Leonen, Curueño ibaitik Porma ibaiaren urtegira ura eramateko tunel bat bizikletaz zeharkatu nahian ari zirela.

Hildakoak larunbatean atera ziren etxetik, bizikletaz buelta bat ematera, eta Tolibiatik Rucayora doan bost kilometroko luzera eta hiru metroko zabalera duen kanal itxi hori zeharkatzen saiatu ziren, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak jakitera eman duenez.

Txirrindulariak itzultzen ez zirela ikusita, familiartekoek horren berri eman zioten Poliziari larunbat gauean.

Txirrindulariek bide hori erabili ohi dute Curueñotik Pormara heltzeko, mugatutako gunea eta hortik ez pasatzeko hesia izan arren.

Azken euriteen ondorioz, kanalak emari handia zekarren, eta txirrindularientzat tranpa hilgarria bihurtu zen.

Bi txirrindularien gorpuak kanal horren irteeratik 50 metrora topatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea