Gizartea -
San Prudentzio eguna
Atzo hasitako jaiak Armentiako zelaietan jarraituko du gaur
Prozesioa, erromeria eta herri-kirolak izango dira, besteak beste, San Prudentzio basilikaren zelaian. Herritarrez gain, erakunde eta alderdi politikoen ordezkaritza zabala bertaratuko da.
Euskadi Irratia
Apirilaren 28a, San Prudentzio eguna da gaur, Arabako zaindariaren eguna. Gasteizen bertan izan du festak hasiera bart, baina Armentiako zelaietako erromeria girora batuko da jende gehien aurten ere, gaur.
Gaur da San Prudentzio eguna, baina atzo eman zitzaion festari hasiera, Gasteizen, erretretaren doinuekin.
Nagusien danborrada ere egin zen atzo, eta gaur txikienen txanda izango da. Baina hirian bertan baino kanpoaldean egongo da jai-giro handiagoa. Izan ere, San Prudentzioren basilika dagoen Armentiako zelaietan batuko da jende gehiena.
Prozesioa, herri-kirolak eta erromeria izango dira, eta nahiago duenarentzat, Olabe frontoian zesta-punta partidak.
Batzuk Gasteizko elkarteetara joango dira, beste batzuk, berriz, lagun edo familia giroan Armentian bertan geratuko dira, ogitartekoa eskuan hartuta.
12:00etan, festara bertaratzen direnek Arabako dantzarien emanaldiarekin gozatu ahal izan dute eta Armentiako ikastolako dantzari taldeak ikuskizun berezia eskaini du. Ordu erdi geroago, herri-kirolak, kantuak eta dantzatzeko musika jarri dituzte eguna girotzeko asmoz.
Arratsaldeko seietan, haurren danborradak gasteizko zentroa igaroko du Andremari Zuriaren Plaza arte.