Gizartea -
5.600 mossoren datu pertsonalak filtratu dituzte pirata informatikoek
Polizien datu pertsonalak, hala nola, izenak, bizilekuak, telefonoak edo kontu korronteak, ia lau orduz argitara eman dituzte piratek.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoen Sindikatuko (SME) Twitter profilari eraso diote bart pirata informatikoek. 5.600 bat mossoren datu pertsonalak filtratu dituzte erasotzaileek.
Mossoen datu pertsonalak, hala nola, izenak, bizilekuak, telefonoak edo kontu korronteak, ia lau orduz argitara eman dituzte piratek, Poliziako iturriek baieztatu dutenez.
SMEren Twitter profilaren irudia Ester Quintanaren irudiekin ordezkatuko dute. Quintanak begi bat galdu zuen Mossoek jaurtitako pilota batek jota. ‘Ciutat Morta’ dokumentalaren irudiak ere erabili dituzte piratek, baita Juan Andres Benitez enpresaburuaren atxiloketaren uneak ere. Lehenengoak Bartzelonako Poliziaren abusuak salatzen ditu, eta bigarrena atxiloketan hil zen.
Era berean, pirata informatikoek agiri faltsu bat zabaldu dute Twitterren. SMEk Sindicat de Mossos d'Esquadra pels Drets Humans izena hartu duela azaldu dute dokumentu faltsuan. “Kapitalismoaren soldadu xehe gisa lan zikina egiteari utzi eta herri borrokalariaren zerbitzura benetan” jarriko direla dio SMEk agirian.