Gizartea -

Suitza

Gutxienez 300 errauts-kutxatila aurkitu dituzte Zurich lakuan

Bere buruaz beste egiten laguntzen duen klinika suitzar batetik gertu aurkitu dituzte gorpuzkinak. Zentroari errausketa zerbitzuak eskaintzen dizkion enpresaren anagrama dute kutxatilek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziaren urpekariek gutxienez 300 errauts-kutxatila aurkitu dituzte Zurich lakuaren hondoan, bere buruaz beste egiten laguntzen duen Dignitas klinikatik gertu, komunikabide ingelesek gaur argitaratu dutenez.

Guztiz ezustean aurkitu zituzten gorpuzkinak. Hiritar batzuk itsasontzi batetik lakura erori zen itzalkin baten bila ari zirenean, 13 errauts-kutxatila aurkitu eta agintariei abisua eman zieten.

Dignitas klinikari errausketa zerbitzuak eskaintzen dizkion Nordheim enpresaren anagrama dute errauts-kutxatilek. Horrez gain, klinikan lan egin zuten langileek zenbait adierazpen egin dituztenez, klinikan hildako pertsonen gorzpukinak izan daitezkeela zabaldu da.

1998an ireki zituen bere ateak Dignitas klinikak eta ordutik, mila pertsona ingururi lagundu diete bere buruaz beste egiten, horietako gehienak gaixo terminalak. Osasun-zentroak ez du sekula argitu non uzten zituen hildako pertsonen gorpuzkinak.

Gorpuzkinak lakuan egotearen ardura nork duen argitzeko Suitzako agintariek ikerketa bat ireki dute. Gehienez hiru urteko kartzela-zigorrarekin eta 50.000 franko suitzarreko isunarekin (35.000 euro gutxi gorabehera) zigortu daitekeen delitua da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea