Gizartea -

Istripua Torquemadan

Zazpi lagun zaurituta, EHUko autobus batek Palentzian talka eginda

Autobusean Donostiako Arkitektura Fakultateko 46 ikasle zihoazen. Iñaki Goirizelaia UPV-EHUko errektorea Palentziara joan da zauritutako 2 irakasleen eta 5 ikasleen egoera ezagutzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi pertsona, bi irakasle eta bost ikasle, zauritu dira gaur Torquemada herrian (Palentzia), Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko 46 lagun zeramatzan autobus batek eta kamioi batek elkar jo ostean.

Irakasle biak ibilgailuan atera ezinik geratu dira eta suhiltzaileek askatu behar izan dituzte, biak larri daude eta batek hanka biak apurtu ditu. Zaurituetako bat oso larri dago, beste bat larri eta gainerakoak arin zauritu dira, Gaztela eta Leoneko Larrialdietarako Zerbitzuek eta Palentziako lurralde-ordezkaritzak jakinarazi dutenez.

Istripua eguerdi aldera jazo da A-62 (Burgos-Portugal) autobidean, Portugalerako noranzkoan, Torquemadako zerbitzu gunetik gertu.

Iñaki Goirizelaia UPV-EHUko errektorea Palentziara joan da zaurituen egoera ezagutzeko, unibertsitateko iturriek aditzera eman dutenez.

Zauritu ez diren gainontzeko ikasleak bueltan ekartzeko autobusa bidali du Arkitektura fakultateak eta arratsaldean zehar iritsiko dira Donostiara.

Guardia Zibilak gertaeraren nondik norakoak argitzeko lanak hasi ditu. Istripuan, autobusaz gain, kotxeak zeramatzan kamoi bat eta Txekiar Errepublikako beste bat ere tartean izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea