Gizartea -
Osasuna
EAEko Osasun planean aurreikusitako 10 helburuetatik 7 abian dira
Orain dela bi urte onartutako 2013-2020 urteetarako Osasun planean aurreikusitako helburuen eta ekintzen % 70 abian dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2013-2020 urteetarako Osasun Planean aurreikusitako helburu eta ekintzen % 70 abian jarri dituela jakinarazi dute, gaur, Jon Darpon Osasun sailburuak, eta Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren zuzendariak.
Plana abian jarri zela bi urte igaro diren honetan, horren garapen-mailaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.
Darponek gogora ekarri duenez, planak 35 helburu eta 146 ekintza barne hartzen ditu eta "gure osasun-sistemaren ezaugarri publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa mantentzea eta hobetzea" du xede.
Abian jarritako ekintzen artean Darponek azpimarratu ditu, besteak beste, osasunerako, zahartzerako eta gaztarorako inguru onen sorkuntza.
Ildo horretan, nagusientzako "Lagunkoia" eta ariketa fisikoak sustatzeko "Mugiment" planen garapena azpimarratu dituzte.
Era berean, helduentzako prestakuntza tailerren eta adingabeak eta alkohola programaren ezarpen onak nabarmendu dituzte.
Dorronsorok Euskadiko Zainketa Aringarrien 2016-2020 planaren eta Adikzioen eta Droga-mendetasunen Arreta Integralerako legearen onarpena aipatu ditu.
Aurtengo lehentasunei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak berrikusiko du emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko eta biktima horiek arreta eta oneratze osoa izateko protokoloa, Dorronsorok jakinarazi duenez.
Halaber, erorketak ekiditeko tailerretan parte hartzen duten nagusiak eta arreta soziosanitarioaren taldeak, hurrenez hurren, % 10 eta % 20 handitzea nahi dutela azaldu dute. Ildo horretan, etorkizunera begira ezarritako beste helburuen artean, diabetesaren kontrola % 5 handitzea eta tabakoaren desohitzea % 5 murriztea lortzea dagoela aipatu dute.