Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bi emakumeri erasotzea egotzita

Atxilotuak gaur igaroko dira epailearen aurretik. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen, hurrenez hurren, emazteari eta bikotekideari erasotzea egotzita.

Gasteizko udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez, atzo 08:30ean atxilotu zuten 40 urteko gizonezkoa. Antza denez, Lovaina inguruko etxebizitza bateko emakume batek Poliziari deitu zion haren senarrak jo egin ziola ohartaraziz.

Emakumearen testigantzaren arabera, gizona mozkor heldu zen etxera eta, bien artean izandako eztabaida baten ondoren, besoan ukabilkada bat eman zion eta lepotik indarrez eutsi zion. Hala ere, gizonarengandik ihes egin eta Udaltzaingoari deitzea lortu zuen.

Etxebizitzara bertaratu ziren udaltzainek, ustez, gizonak emakumeari egindako lesioak behatu zituzten. Ondorioz, gizonezkoa atxilotu zuten genero indarkeria delitua egotzita.

Bestalde, 42 urteko gizonezkoa arratsaldean atxilotu zuten haren bikotekide ohia jotzea, mehatxatzea eta iraintzea leporatuta.

Erasoa Gasteizko Aranzabela inguruan gertatu zen 15:45 inguruan. Lekuko batek Udaltzaingora deitu zuen bikote bat kalean eztabaidan ari zela eta gizonak emakumea jo zuela salatuz, haur txiki bat bertan zegoela.

Lekukoaren arabera, erasotzaileak korrika ihes egin zuen. Bertaratutako udaltzainek inguruko etxebizitza batean aurkitu zuten gizonezkoa

Biktimaren eta lekukoaren testigantzak entzun ondoren udaltzainek 42 urteko gizonezkoa atxilotu zuten.

Bi atxilotuak gaur igaroko dira epailearen aurretik.

__________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Gizartea bideoak Gasteiz berriak Albisteak