Gizartea -
75. jaiotzaren urtemuga
Alberto Surio: "Radio Vitoria EITBren arima da Araban"
Radio Vitoriak 75. jaiotzaren urtemugako ekitaldiak itxiko ditu. Alberto Suriok 75 urte betetzeak hedabide batentzat esan nahi duen erronka nabarmendu du eta ibilbide luzearen giltzarriaz mintzatu da.
Radio Vitoria
"Radio Vitoriari esker iritsi zen EITB arabarren bihotzera. Beraz, bidezkoa da Radio Vitoria EITBren arima dela esatea". Hauxe dugu Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Radio Vitoriaren jaiotzaren 75. urtemugako ekitaldiak ixteko Europa jauregian ehunka lagunen artean eman duen hitzaldiaren pasarte bat.
Alberto Suriok 75 urte betetzeak hedabide batentzat esan nahi duen erronka nabarmendu du eta ibilbide luze honen giltzarriaz mintzatu da: "Radio Vitoria azken 75 urte hauetako Arabaren soinu banda izan da. EITBrentzat, ondorioz, Radio Vitoria formula berezia izan da, Europan ez dago pareko eredurik", esan du eta erantsi, "audientzi buru den irrati lokala da, ikur bihurtu dena eta gizartearen zati handi bat dator berarekin".
Duela hiru hamarkada euren ahotsa, lana eta sentimendua jarri zuten 20 bat langile igo dira Europa Jauregiko entzunaretoko oholtza gainera. Omenaldi beroa jaso dute langile hauek. Besteak beste, Sobronen alarguna, Perez Echevarria, Marian Vizcarra, Jose Luis Garrido, Jose Mari Frutos, Jose Mari Sedano, Jose Mari Fernández, Javier Cameno, Maria Angeles Cobas, Jose Luis Lafuente, Atanasio Garcia, Luis Mari Aramburu, Mari Carmen Gonzalez, Rosa Mari Manero eta Aurora Nietok jaso dute bertaratutako guztien omenaldi eta esker ona. Bestalde, Europa Jauregiko Mirador Avenida aretoan "Elkartasuna-Solidaridad" erakusketa dago ikusgai. Maiatzean, 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara egunero egongo da zabalik. Bertan, Felix J. Reyes Arencibia eskultore kanariarrak eskuz landutako 3.010 pieza ditu erakusgai. Elkartasuna da erakusketaren ardatza. Jarrera ezberdinetan dauden 43 figura dira. Eskultoreak figura hauek errepikatzen ditu eta espazio zehatz batean ahokatu ditu. Manifestariak dira, aterki azpian dauden manifestarik eta batak besteari babesa eskaintzeko batu egiten dira. Pieza guztiak 14.40x1.30 metro neurtzen du. Erakusketa osatzeko, Radio Vitoriako historiaren inguruko 20 argazki daude ikusgai, Gasteiz hiriarekin batera irratiak izan duen bilakaera erakusten da argazki hauetan.
Ospakizun urteari agur Duela urte bete programazio eta ekimen sorta bereziei ekin zion Radio Vitoriak diamantezko ezteiak ospatzeko. Hilabetero opari izugarriak zozketatuz hasi ziren. Irailean, berriz, Balconada aldizkari historikoa argitaratu zuten eta baita Los Gaiteros de Elciego and friends izeneko CDa. Apirilaren 30ean, 1934ko Radio Vitoriako lehen emanaldiarekin bat etorriz, programazio berezia eskaini zuen irratiak egun osoz.
Egun batzuk beranduago, urriaren 3an, Radio Vitoriak ekitaldi deigarri batekin ospatu zuen gasteiztarrekin eta oro har arabarrekin urtemuga. Andre Mari Zuriaren enparantzan ekilibrista baten ikuskizun handia eskaini zuen. Argi eta soinuz lagundutako emanaldi izugarria izan zen. Denis Josselin funanbulistak Zeledonen balkoitik Andre Mari Zuriaren elizako kanpandorrera doan bidea burdin hariaren gainean egin zuen, joan eta etorri, hamar metroko altueran. Irratiaren historia gogoratu zuen argia eta soinua euskarri zituen ikuskizunarekin .