Gizartea -
Erabakia
Jaurlaritzak kargutik kenduko du Eskola Kontseiluaren presidentea
Konrado Mugertzak berak baieztatu du albistea eta duela hiru aste jakinarazi ziotela zehaztu du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Konrado Mugertza Eskola Kontseiluaren presidentea kargugabetuko du, Isabel Celaa buru duen Hezkuntza Sailak harengan zuen konfiantza galdu duelako.
Konrado Mugertzak berak baieztatu dio erabakia Euskadi Irratiari Espainiako Estatuko Eskola Kontseiluen XX. Batzarrean, Toledon, parte hartu aurretik.
Aipatu iturrien arabera, Mugertzak duela hiru aste jakin zuen kargutik kenduko dutela, Eusko Jaurlaritzak onartu asmo duen eta polemika piztu duen Hezkuntza Planari buruz kritikak egin aurretik.
Patxi Lopezen Jaurlaritzaren kargugabetzeak eta dimisioak
Patxi Lopez duela urtebete Eusko Jaurlaritzara iritsi zenetik hainbat izan dira kargugabetzeak eta dimisioak.
2009ko urrian Enplegu eta Gizarte gaietako Sailean hiru goi-kargudunek dimisioa aurkeztu zuten. Abenduan, Maite Erro Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoriako zuzendariak eman zuen dimisioa. Hilabete horretan, hain zuzen ere, PSEk, PPk eta UPyDk Adingabeen Defendatzailearen figura kentzea babestu zuten Legebiltzarrean eta, ondorioz, Jesus Gutierrez (EB) kargutik kendu zuten. Pedro Hernandez Berrikuntza sailburuordeak ere abenduan dimisioa aurkeztu zuen. 2010eko martxoan, Ramon Etxezarretak Hizkuntza Politikan zuen sailburuordetza kargua utzi zuen.