Gizartea -
Jazoera
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen ertzain bat jotzea egotzita
Polizia-auto bateko kristal bat apurtzea ere leporatzen diote.
Agentziak | Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen ertzain bati erasotzeagatik eta polizia-auto bateko kristala apurtzeagatik. Hala jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Gertaera ostiral goizeko 6:15ean jazo da, Gasteizeko Alaba Jeneralaren kalean dagoen diskoteka baten kanpoaldean borroka bat sortu denean.
Bertara Ertzaintzako zenbait kide gerturatu dira, eta liskarraren eraginez hainbat zauri zituen pertsona bat aurkitu dute.
Agenteek anbulantzia bat eskatu dute zauritua erietxe batera eramateko asmoz. Haren zain zeudela, inguruan zegoen beste gizonezko bat oldartu eta ertzain bati eraso dio..
Horren aurrean, agentearen kideek erasotzailea mendean hartu eta atxilotu egin dute.
Une horretan, atxiloketa ikusi duten beste zenbait lagunek poliziei errieta egin eta edalontziak jaurti dizkiete. Ondoren, ihesari ekin diote.
Anbulantzia batek zauritua ospitalera eraman du, eta, bitartean, agenteari eraso egin dion gizonezkoa polizia-etxera eraman dute, agintariaren aurkako atentatua eta polizia-auto bateko kristal bat apurtzea leporatuta. Bere aldetik, bi ertzain artatu behar izan dituzte mutuan, batek aurpegian zauria baitzuen eta besteak kolpe bat hankan, jasotako botilakada dela-eta.