Gizartea -

Kantabria

Cabarcenotik hartz batek ihes egin ote duen ikertzen ari dira

Parketik kanpo animalia horietako bat ikusi zutela esan dute hiru gaztek. Cabarcenoko arduradunek ez dute ustezko ihesaren zantzurik topatu, eta alarma ez sortzea eskatu dute.

Erdi-libre bizi dira animaliak Cabarcenon. Argazkia: Cabarcenoko Naturaren Parkea.
Erdi-libre bizi dira animaliak Cabarcenon. Argazkia: Cabarcenoko Naturaren Parkea.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cabarcenoko Naturaren Parkeko arduradunak, Guardia Zibila eta Kantabriako Gobernuko teknikariak lagun dituztela, eremutik ihes egin omen duen hartz baten bila ari dira goizaldetik. Asteazken gauean animalia horietako bat ikusi omen zuten hiru gaztek, eta badaezpada, ikertzen ari dira.

Parkeko arduradunek hartzen eremua arakatu dute iheserako lekurik topatu gabe. Parkeko eremutik kanpo hartzen arrastorik ere ez dute aurkitu.

Cabarcenon 80 hartz inguru dituzte, baina zaila da zenbaketa zehatza egitea, animalia guztiak identifikatuta ez dituztelako eta erdi-aske bizi direlako.

Ez da lehenengo aldia parketik ustez ihes egindako animalien inguruan abisua jasotzen dutena. Beste batzuetan, faltsuak izan dira abisuak. Oraingoan, baina, sinesgarritasuna eman diote.

Nolanahi ere, "alarma" ez sortzeko deia egin dute parkeko arduradunek, oraingoz ez dute-eta ihesaren zantzurik topatu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak