Gizartea -

Pederastia

Pederastia kasuetan 'arduragabe' aritu direnak baztertuko ditu Elizak

Aita santuak agiri bat argitaratu du larunbat honetan, eta, horren arabera, sendotu egiten dira elizgizon baten kaleratzea jasotzen dituzten eliz zuzenbidearen artikuluak.

Aita santua apaiz bat konfesatzen. Argazkia: EFE
Aita santua apaiz bat konfesatzen. Argazkia: EFE
Aita santua apaiz bat konfesatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak kaleratu egingo ditu adingabeei edota adindun zaurgarriei egindako sexu-gehiegikeriazko kasuetan arduragabe aritu diren edota informazioa ezkutatzen duten apezpikuak.

Egoitza Santuak aita santuaren agiri bat argitaratu du gaur, eta bertan jasotakoek "sendotu egiten dituzte 'arrazoi larriak' direla medio elizgizon bat kaleratzea zehazten duten Eliz Zuzenbideko Kodeko artikuluak".

"Honako dokumentu honekin zehaztu nahi dudana da aipatu 'arrazoi larrien' artean beren zereginak egiterakoan apezpikuen arduragabekeria dagoela, batez ere adingabeei edota adindun zaurgarriei egindako sexu-gehiegikeriazko kasuetan" esan du aita santuak.

Eliz Zuzenbideko Kodeak 193. artikuluan jasotzen duenez, "inor ezin da emandako ofizio batetik kendu epe mugagabez, 'arrazoi larriak' tartean ez badaude".

Frantzisko aita santuak larunbat honetan aurkeztutako agiriak bost artikulu ditu. Lehendabizikoak zehazten denez, Elizan erantzukizunen bat dutenek "beren kargutik baztertu ahal izango dira, baldin eta arduragabekeriarengatik, hirugarren batzuei kalte eragin dieten jardueren berri ematen ez badu".

Kalte horiek pertsona fisikoen gainekoak izan daitezke edota erkidegoaren beraren gainekoak, eta kaltea "fisikoa, morala, espirituala edo ondarezkoa" izan daiteke.

Apezpiku bat bakarrik bazter daiteke baldin eta, arrazoi objektiboen arabera, bere arduretan oso akats larria egin badu; alabaina, adingabeei egindako sexu-gehiegikerien kasuan, "nahikoa da akats hori 'larria' izatea".

Bigarren eta hirugarren artikuluetan, apezpiku bat kargutik kentzeko egin beharreko prozesuaren nondik norakoak azaltzen ditu aita santuak.

Jokaera arduragabe baten inguruko "zantzu handiak" dauden kasuetan, eskudunak diren Erromako Kuriaren kongregazioek ikerketa bat has dezakete, behin ikerketapean dagoen pertsona jakinaren gainean jarrita. Pertsona horrek bere burua defendatzeko aukera izango du.

Behin epai bat izanda eta apezpikua baztertzea egokia dela erabakita, kongregazioak etete-dekretua publikatzea erabaki dezake edota apezpikuari kargua utzi dezala eska diezaioke, kasuan kasuko nondik norakoen arabera.

Apezpikuak 15 eguneko epea izango du dimisioa emateko, eta epe horren barruan ezer esaten ez badu, kongregazioak orduantxe argitaratuko du etete-dekretua.

Edonola ere, kongregazioaren erabakiak aita santuaren oniritzia beharko du.

Aipatu erreformak bihartik aurrera jarriko da indarrean, Egoitza Santuaren aldizkari ofizialean (L'Osservatore Romano) argitaratzen denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Gizartea Aita santua albisteak Frantziskoren biografia Albisteak Nerabezaroa albisteak Sexu erasoak Eliza Katolikoa eta abusuak Eliza Katolikoa albisteak