Gizartea -

Inkesta

Euskaldunen % 42 desleiala izan zaio noizbait bere bikotekideari

Hala adierazten dute Kaixomaitia webguneak Aztiker enpresarekin batera egindako inkestatik ateratzen diren datuek.

Euskaldunek sexu harreman gehiago nahi dituzte

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaixomaitia webguneak eta soziologia azterketak egiten dituen Aztiker enpresak "Euskal Herritarren harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa" eman dute gaur jakitera Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Hain zuzen ere, 2016ko otsaila eta martxoa artean online bidezko inkestaren emaitzak dira gaur aurkeztu dituztenak. Inkesta horretan, bizitza afektiboa, bizitza sexuala, internet bidezko harremanak eta leialtasunaren inguruan eginiko 73 galdera erantzun behar izan zituzten 18-64 urte bitarteko 1.500 herritarrek.

Ikerketa horren arabera, orokorrean euskaldunak afektiboki zoriontsuak dira 6,9 nota aitortzen baitiote alderdi horri, eta bikotekidearenganako maitasunari ere balorazio handia ematen diote, (8,5). Alabaina, harreman sexualekiko zoriontasun mailari dagokionez, bataz bestekoa 5,79 puntura jaisten da. Adinean gora egin ahala, zoriontasun maila afektiboa eta sexualak behera egiten dute.

Bikote harremana da erlazionatzeko modu nagusia eta desiratuena; izan ere, % 7ak soilik ez bailuke nahi bikotekiderik izan, baina indarra hartzen du harreman irekiaren kontzeptuak, % 25ak gutxi gorabehera nahiko luke harreman mota gisa.

Gainera, itxura denez, desio sexuala ez da erabat aseta geratzen bikote barruan, horren adierazle baita galdetutakoen % 42 izan zaiola desleiala bere egungo edo aurreko bikotekideren bati.

Hori gutxi ez, eta bikote barruan hala adostuz gero, % 51ak izango luke harremanik bikotekidea ez den beste batekin; horrez gain, galdetutakoen % 40a desleiala izango litzateke bikotekideak jakingo ez lukeen bermea izango balu. Portaera hori gizonezkoen % 48ak eta emakumezkoen % 30ak izango lukete.

Desleialtasunaren aurrean, harremana bertan behera utziko lukete % 37ak; aitzitik, % 65ak bere bikotekidea ez den beste batzuengan badu desio sexualik maiztasunez.

Bizitza sexualari berriz helduta, 18,78 urterekin izan zuten bataz beste lehen harreman sexuala galdetutakoek, baina adin horrek nabarmen egin du behera adinean gazteagoak direnen artean.

Bataz beste, astean 1,15 bider izaten dituzte sexu-harremanak, baina 2,99 aldiz izatea gustatuko litzaieke izatea, bai emakumeei zein gizonei.

Astean bi aldiz masturbatzen dira euskaldunak, gizonezkoak izanik maiztasun gehiagoz aritzen direnak.

Galdetutakoen % 17ak izan du noizbait harreman homosexualik, eta % 14a izateko prest dago.

Internet bidezko harremanei dagokionez, % 90ak uste du internetek ligatzeko balio duela, baina % 10ak besterik ez du aurkitu egun bikotekidea sarean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa