Gizartea -
Indarkeria matxista Iruñean
Kondenatuta, konorte gabe zegoen neska bati abusuak egiteagatik
Biktima konorte barik zegoen, alkohola kontsumitzeagatik, eta gizon ba horretaz baliatu zen sexu abusuak egiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, Iruñean konorte barik zegoen neska bati sexu abusuak egiteagatik.
Epaileak lau urtez biktimarengandik urruntzea eta 4.000 euroko kalte-ordainak ematea ere ezarri dio.
Sexu erasoa 2014ko abenduaren 25ean jazo zen, 06:00etan, Donibane auzoan. Une horretan, biktima, 18 urteko neska bat, lorategi batean etzanda zegoen, alkohola eta kokaina kontsumitzeagatik konorte barik baitzegoen.
Akusatua bertaratu zen, eta biluztu egin zuen neska. Berak ere prakak jaitsi zituen, eta, ondoren, "mugimenduak egiten hasi zen, bere sexu desioak asetzeko".
Handik gutxira, beste bi gizon ere batu ziren, eta neskari ukipenak egiten hasi ziren, baina herritar batek gelditzeko agindu zien. Hori dela eta, erasotzaileetako bik ihes egin zuten; ez, ordea, kondenatuak, neskari laguntzen ari zela kontatu zuelako.
Poliziari deitu eta gero, neska Nafarroako Ospitalera eraman zuten, eta, bertan, toxikazio etilikoa antzeman zioten.