Gizartea -
Marihuana lapurreta
Eibarko krimenaren akusatua errudun jo du epaimahaiak
Pertsona bat odolusturik hil zen marihuana sail batean lapurreta egiten ari zela 2013ko irailaren 22an. Baserriko jabea erruduna dela erabaki du epaimahaiak orain.
Agentziak | Erredakzioa
Kolonbiako gizon bat odolusturik hil zen marihuana sail batean, Eibarko (Gipuzkoa) baserri batean, lapurreta egiten ari zela. Tiro egin zioten eta hil egin zen. Baserriko jabea erruduna dela erabaki du epaimahaiak orain. Armak legez kanpo edukitzeagatik ere zigortu du.
Baserriko jabeari haren gorpua ezkutatzen lagundu izana egotzita epaitu dituzten hiru gizonak, berriz, absolbitu egin dituzte. Parte-hartzea frogatzeko zantzu nahikorik ez dagoela ebatzi du epaimahaiak.
Hala ere, zigorra bertan behera utzi eta baserriko jabearentzat indultua eskatzearen alde agertu da.
Fiskalak bi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen erruduna estali izana auzipetutako hiru gizonentzat, baina aske geratu dira. Zigor-eskaera epaimahaiaren erabakiari egokitzeko bilera egin dute fiskalak, akusazio partikularrak (hildakoaren bikotekidea) eta defentsak.
Ministerio Publikoak 13 urteko kartzela-zigorra eskatu du hilketagatik eta armak legez kanpo izateagatik, eta akusazio partikularrak zigor bera eskatu du. Baserriko jabearen abokatuak, aldiz, absoluzioa eskatu du bere burua defendatzearren hil zuela argudiatuta.
2013ko irailaren 22a
Gertakariak 2013ko irailaren 22an gertatu ziren. Kolonbiarra marihuana sailera joan zen, beste lagun batekin batera (ez dute identifikatu), eskopeta bat zeramala. Baserriko jabeak eta beste gizon batek biak ikusi zituzten, eta lapurretako batek eskopetarekin bi tiro egin zituen, txakur baten eta auto baten aurka.
Borrokan, baina, erasotzaileak arma galdu zuen, eta etxeko jabeak bereganatu, eta bularrean tiro egin zion. Bertan hil zen, odolusturik.