Gizartea -
Filtrazioa
Spanairreko teknikoek izotza erabili zuten hegazkina aireratzeko
SER kateak kutxa beltzetan izan diren azken grabazioak aireratu ditu. RAT zundaren tenperatura jaisteko izotza erabiltzea baimendutako prozedura da, Asetmaren arabera.
Erredakzioa
Spanair auzian auzipetutako teknikariek hegazkinaren zundaren tenperatura izotza erabiliz jaitsi egin zutela iragarri du gaur SER kateak, kutxa beltzetan izan diren azken grabazioak aireratzean.
Pilotuen arteko azken elkarrizketak ere aireratu dituzte. Antza, kexu dira konponketak gaizki egin omen zirelako. Izan ere, grabazioen arabera, harridura eta haserrea agertzen du kabinan hirugarren ahots batek, mekanikoek hegazkinaren ''rele''-a ez zutelako goiz hartan aldatu.
Mekanikoak atxilotuta daude, eta gaur eman behar dituzte azalpenak epailearen aurrean.
Bidaiarien ahotsak ere entzuten dira grabazioetan, bai hegazkinaren zundaren tenperaturari buruz eta baita akats teknikoei buruz ere.
RAT zundaren tenperatura jaisteko izotz poltsa erabiltzea mantentze-eskuliburuak baimendutako prozedura da, Hegazkinen Mantentze-lanen Teknikarien Espainiako Elkarteko (Asetma) bozeramailearen arabera.
Filtrazioa
Horregatik, albisteak "auziari ezer berririk ez" dakarkiola uste du Asetmak, eta "aipagarriena" epaitegitik filtrazio bat izan dela da. Honenbestez, espediente zabaldu beharko lukete. "Sumario-sekretua badago, sumario-sekretua dago", deitoratu du bozeramaileak.
Teknikarien Elkarteak adierazi duenez, gaurko filtrazioa "egiaren aurkako" gertaera da, eta epaileak erabakitako sekretupeko sumarioaren kontrako zerbait da.
Bestalde, JK5022 hegaldiko Kaltetuen Elkarteak auzipetu gehiago izatea eskatu du gaur, erreskatearen lehen minutuetan AENA eta larrialdi zerbitzuen artean izandako koordinazio eza salatu ondoren.
Iragan abuztuaren 20an 154 bidaiari hil ziren Spanairren MD82 hegazkin batek aire hartu eta berehala erori zenean, Madrilgo Barajas aireportuan. Azken hamarkadan Europan izan den aireko istripu handiena izan da.