Gizartea -
Gasteizen
Psikiatrian ingresatu dute haur bi eramaten saiatzeagatik Gasteizen
Ingresatutako emakumea bi aldiz saiatu zen bi haur indarrez eramaten Gasteizen.
Agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak 33 urteko emakume bat atxilotu du Gasteizen, bi alditan gurasoekin zeuden bi ume indarrez eramaten saiatzeagatik. Azkenean, hiriburuko Santiago ospitaleko psikiatrian ingresatu dute.
Jaurlaritzako Segurtasun Saiaren arabera, emakumea bi alditan saiatu zen bi haur eramaten. Lehenengo saiakera hiriburuko Kuba kalean izan zen astearte honetan eta bigarrena, asteazkenean, Domingo Beltran kalean.
Lehenengo saiakeran, furgoneta baten barruan zegoen 9 hilabeteko haurra eramaten ahalegindu zen emakumea. Haurra bere amarekin zegoen furgonetaren barruan eta, emakumea polizia zela esanez hurbildu zitzaien.
Haurraren amak Facebook bidez kontatu duenaren arabera, emakumeak bere haurra bahitu izana leporatu zion amari eta furgonetatik jaisteko eskatu zion. “Furgonetako atea zabaldu eta kolpeka atera nindun”, gaineratu du amak. Hala ere, Ertzaintzari deitzea lortu zuen eta lekura iritsi zirenean emakumeak zentzurik gabeko gauzak esaten zituela ohartu ondoren, anbulantzia batean Santiago ospitalera eraman zuten.
Ospitalean medikuek alta eman zioten eta, asteazken honetan berriro saiatu zen beste haur bat eramaten. Bigarren aldi honetan, amarekin zegoen zortzi urteko beste haur bat bahitzen ahalegindu zen Domingo Beltran kalean.
Kasu honetan ere, polizia moduan hurbildu zitzaien eta zentzurik gabeko gauzak esaten hasi zitzaien. Inguruan zegoen batek gertatutakoa ikusi, eta Ertzaintza etorri arte atxiki zuen emakumea.
Ertzainek momentuan bertan atxilotu zuten eta ondoren, berriro eraman zuten Gasteizko Santiago ospitaleko psikiatriara.
Ertzainek atestatua egin dute eta emakumea epailearen aurrera joan beharko da.