Gizartea -
Immigrazioaren drama
Mugarik Gabeko Medikuek uko egin diete Europaren diru-laguntzei
Horrela, Europar Batasunaren migrazio politika "kaltegarria" dela salatu nahi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak uko egin die Europar Batasunaren eta haren estatu kideen diru laguntzei, haien migrazio politikak “kaltegarriak” direla salatzeko.
Ohar batean, MSFk gogorarazi du milaka pertsona “abandonatuta” daudela, duela hiru hilabete Europak eta Turkiak sinatutako akordioaren ondorioz.
Horietako 8.000 “Greziako uharteetan harrapatuta daude, muturreko bizi-baldintzekin, goraino dauden errefuxiatu-eremuetan”.
Jerome Oberreit MSFko idazkari nagusiaren hitzetan, EBren eta Turkiaren arteko akordioak “arriskuan” jartzen du “errefuxiatu kontzeptu bera”.
Halaber, mugak ixteak “domino efektua” izan dezakeela ohartarazi du. Ondorioz, “babes bila joateko gero eta leku gutxiago egongo dira”.
15 milioi euro iaz
Bestalde, Europako Batzordeak zehaztu du iaz 15 milioi euro eman zizkiola MSFri, hau da, kooperazio arloko aurrekontuaren % 1.