Gizartea -

Errefuxiatuen Eguna

65,3 milioi desplazatu zeuden 2015ean munduan, ACNURen arabera

Minutuero 24 pertsonak alde egiten dute euren etxeetatik munduan, gerra eta goseteetatik ihesi. Errefuxiatuen kopuruak ere nabarmen egin zuen gora iaz.

Minutuero 24 pertsonak egiten du ihes munduan gerretatik eta goseteetatik ihesi.Artxiboko irudia:EFE
Minutuero 24 pertsonak egiten du ihes munduan gerretatik eta goseteetatik ihesi.Artxiboko irudia:EFE
Markak hausten, 65 milioi desplazaturekin

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

65,3 milioi desplazatu zeuden munduan 2015. urtean, aurreko urtean baino 5,8 milioi pertsona gehiago, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordeak (ACNUR) gaur ezagutzera emandako "Behartutako Desplazamenduen inguruko joera globalak" txostenaren arabera. 65,3 milioi lagun horiek ezinbestean ihes egin behar izan zuten, gerrak, goseteak, giza eskubideen urraketak edota jazarpenak atzean utzita.

Ezinbestean etxetik ihes egin behar izan zuten 65,3 milioi lagun horietatik 21,3 milioi errefuxiatuak dira, 40,8 milioi desplazatuak eta 3,2 milioi asilo eskatzaileak. ACNURen esanetan, 2015ean 12,4 milioi desplazatu berri zeuden, bai herrialde barruan (1,8 milioi) baita atzerrian (8,6 milioi) ere, eta bi milioi lagunek asilo eskaera egin zuten.

ACNURek azpimarratu duenez, Bigarren Mundu Gerratik inoiz izandako kopuru handiena da. Azken bost urteetan, % 50 egin du gora nahitaez etxetik ihes egin behar izan dutenen kopuruak, 2011n 42,5 milioi desplazatu baitzeuden. Dena den, 2015ean aurreko bi urteetan baino desplazatu "berri" gutxiago izan direla adierazi du.

Minutuero 24 pertsonak alde egiten dute euren etxeetatik munduan, gerra eta goseteetatik ihesi.

Errefuxiatuei dagokienez, gaur egun 21,3 milioi errefuxiatu daude munduan (inoizko kopururik handiena), eta 2011tik % 55 hazi da kopuru hori. 2015 amaieran, errefuxiatuen % 55 (8,8 milioi pertsona) Europan edota Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi ziren.

Sinadura bilketa

ACNURek milioi bat sinadura baino gehiago biltzea aurreikusten du Espainian. Ekimen horrekin, babes eskaera gehiago onartzea eskatu nahi diote Europar Batasunari. Horregatik, datozen hilabeteetan zehar biltzen dituzten sinadura guztiak irailaren 19an entregatuko dituzte Nazio Batuen Batzar Nagusiak egingo duen bileran.

Era berean, gizartea mobilizatu nahi dute, eta, ekimenaren sinatzaileek, honakoa eskatuko diote Nazio Batuei: euren etxeetatik ihes egin behar izan dutenei bizitzeko toki segurua ematea, hezkuntzarako sarbidea bermatzea eta lana eskaintzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak