Gizartea -

Errauts hodeia

Zortzi hegaldi bertan behera Loiuko aireportuan

Espainiako hegoaldeko airepurtuen egoeraren ondorioz geratu dira bertan behera. Izan ere, hiru aireportu itxita daude Andaluzian eta Kanariar Uharteetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal aireportuak zabalik eta ohiko jarduera egiten ari dira gaur goizean. Dena dela, Loiun (Bilbo) zortzi hegaldi bertan behera geratu dira, Islandiako sumendiak eratutako errauts hodeiaren ondorioz hainbat aireportu itxita baitaude Espainiako hegoaldean.

Madrilerako hegaldi bat atera ezinik geratu da, hegazkina ez baita heldu, eta Sevillarako bost eta Las Palmaserako bi ere bertan behera utzi behar izan dituzte.

Aipatu iturrien arabera, aireportua normal ari da, hegaldi batzuetan atzerapenak badaude ere.

Egunak aurrera egin ahala, baliteke itxita dauden aireportuetarako hegaldi gehiago bertan behera utzi behar izatea.

Hiru aireportu itxita Espainian

Hain zuzen ere, hiru aireportu daude une honetan itxita Espainian: Bat Kanariar Uharteetan (Palma) eta bi Andaluzian (Xerez eta Sevilla).

Aireportuetara joan baino lehen, airelineekin hitz egiteko gomendatu die AENAk bidaiariei. Honakoak dira telefono zenbakiak: 902 404 704 eta (+34) 91 321 10 00.

Hodeia, Espainiako erdigunerako bidean

Bien bitartean, Aire Nabigaziorako Segurtasun Agentzia Europarrak (Eurocontrol) informatu du errauts hodeiak ipar-ekialdera egingo duela hurrengo orduetan, eta beraz, Espainiako erdigunea zeharkatuko duela.

Dena dela, oso altu dagoenez, ez duela aireportuetan eraginik izango uste du.

Eurocontrolen aurreikuspenen arabera, arratsaldean errauts pilaketa handienak Iberiar Penintsulatik Frantziako hego-ekialdera mugituko dira.

Une honetan, Espainiako eta Portugaleko erdigunean eta hegoaldean daude pilaketa handienak, Kanariar Uharteetan eta Madeiran tarteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea