Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute neska-laguna iraindu eta etxetik botatzeagatik
45 egunez komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu gizonak. Etxetik egotzi eta "puta, emagaldu eta ninfomana" deitzen zion harekin eztabaidatu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek 45 egunez komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu, bere neska-lagunarekin eztabaidatu ostean, etxetik botatzen zuelako, “egunsentian”, eta, askotan, errepidean bertan uzten zuelako.
Sententziak jaso duenez, “normalean” iraintzen zuen neska-laguna. Gehienetan erabiltzen zituen irainak “puta, emagaldu eta ninfomana” izaten ziren, eta “ikasketarik” ez izatea ere leporatzen zion.
Bien arteko “harreman sentimentalak” 2013ko martxotik 2014ko maiatzera iraun zuen. Epe horretan, prozesatuak “lan egitea debekatu zion” emakumeari, eta “bere borondatearen kontrako aginduak” eman zizkion.
2014ko ekainean, mehatxu egin zion emakumeari: “Badakit unibertsitate ikasketak egingo dituzula. Horra joango naiz. Ezagutzen nauzu, eta edozein gauza egiteko gai naiz”.
Epaiketan, Fiskaltzak eskatutako zigorra onartu du prozesatuak. Ondorioz, 45 egunez komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu. Gainera, sei hilabetez ezingo da biktimarengana hurbildu eta ezingo du berarekin hitz egin.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.