Gizartea -
Vitoria-Gasteiz
12 urteko zigor-eskaera bikotekidea jo eta kutxa batean sartzeagatik
Akusatuak 29 urte ditu eta biktimak, berriz, 14. Bien arteko harremana 3 urtez luzatu zen, 2013ko urrira arte.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak 12 urte eta 9 hileko kartzela-zigorra eskatu du gizonezko batentzat, bere bikotekideari tratu txarrak eragiteagatik; izan ere, ustez, ukabilkadak ematen zizkion, haginka egiten zion, makila batekin jotzen zuen sorbaldan eta kutxa batean ere sartzeraino heldu zen etxetik atera ez zedin.
Fiskaltzaren idazkiak dionez, ustezko tratu txarren egileak 29 urte zituela amodio harreman bat hasi zuen 14 urte zituen bere biktimarekin. Harreman hori hiru urtez luzatu zen, 2013ko urrira arte, hain zuzen ere. Tarte horretan hainbat lekutan, horien artean Gasteizen, bizi izan ziren biak.
Denbora horretan zehar, akusatuak "etengabe iraintzen, gutxiesten eta jotzen zuen" neska. Eraso horiek "ukabilkadak, zaplaztekoak, haginkadak eta makilakadak ematen zizkion sorbaldan". Horrez gain, Fiskaltzak gaineratzen duenaren arabera, kokaina eta lo egiteko pilulak hartzera derrigortzen zuen.
Deskribatzen duenaren arabera, "kontrolean, meneratzean eta nagusitasunean" oinarritzen zen harremana.
Akusazio-idazkian zenbait pasadizo kontatzen dira. Horietako bat da akusatuak adingabea kutxa baten barruan giltzapetu zuenekoa. Ondoren, handik atera zuen, ur hotzarekin busti zuen, haizagailu baten aurrean jarri zuen, eta, jarraian, berriz ere kutxa barruan sartu zuen "bere borondatearen aurka".
Beste batean, ustezko erasotzaileak mozal bat jarri zuen eta hankak eta eskuak lotu zizkion etxebizitzatik atera ez zedin. Kasu hartan, prozesuan akusatuta dagoen beste lagun batekin egin zuen. Haren aurka Fiskaltzak hiru urteko espetxe-zigorra eta 1.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du legez kanpoko atxiloketagatik.
Akusazio-idazkiak gaineratzen duenez, adingabearen bikotekideak "ia egunero" ematen zizkion ukabilkadak ahoan, eta behin labana bat erakutsi zion beldurra sartzeko asmoz, eta lepoan eta gorputzeko beste atal batzuetan kosk egin zion.
Horren guztiaren eraginez, neskak hainbat orbain eta marka ditu, baita antsietatea eta depresiozko sintomak ere, "bizitako esperientzia traumatikoa dela-eta".
Fiskaltzak uste du aipatutako egintzek hainbat delitu dakartzatela: tratu txar etengabea, legez kanpoko atxiloketa eta mehatxu arinak, guztiak genero indarkeriazko esparruan.
Horrez gain, biktimari 10.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatzen du, eragindako kalte moralagatik eta beste 940 euro eragindako lesio eta arrastoengatik. Baita neskarengandik 200 metrora ez hurbiltzea eta 17 urtez berarekin harremanetan ez jartzea ere.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.