Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohia erasotzeagatik
Urruntze agindua zuen ustezko erasotzaileak. Gasteizko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, kolpatu eta mehatxatu egin zuen emakumea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
32 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohiari erasotzeagatik. Udaltzaingoak jakitera eman duenez, ileetatik heldu eta lurrera bota zuen emakumea, hiltzeko mehatxua egin zion, eta, azkenik, etxeko giltzak kendu zizkion, indarkeria erabilita. Harengandik urruntzeko agindua zuen gizonezkoak.
Arabako hiriburuko Zabalgana auzoan izan zen erasoa, kale erdian, atzo, 16:30 inguruan. Emakumeak deitu zion Udaltzaingoari, gertatutakoaren berri emanez.
Udaltzainek taberna batean aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta, urruntze agindua zuela baieztatu ondoren, atxilotu egin zuten; urruntze agindua urratzea, indarkeria erabilita lapurreta egitea eta hiltzeko mehatxuak egitea leporatzen diote.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.