Gizartea -
Gobernuak debekatzeko asmoa du
Frantziako Estatu Kontseilua, beloa debekatzearen aurka
Dena dela, Fillon lehen ministroaren Exekutiboak lege proiektuarekin aurrera jarraituko du.
Erredakzioa
Frantziako Estatu Kontseilua, Errepublikako Gobernuaren kontsulta organo gorena, espazio publikoetan beloaren erabilera debekatzearen aurka agertu da, lege proiektua printzipio batzuen aurkakoa izango litzatekeelako, batik bat autonomia pertsonalen eskubideari dagokionez.
Le Figaro egunkariak gaur jakinarazi duenez, Estatu Kontseiluak ohartarazi du "erabateko debeku orokorra" ezartzeak "zalantza konstituzional handiak" ekarriko lituzkeela.
Erakundeko adituen ustez, zaila da emakumeen duintasuna argudiatzea beloaren edo burkaren erabilera debekatzeko, haiek borondatez janzten badituzte.
Kontseiluaren iritzia ez da ezustean etorri. Izan ere, duela hilabete antzeko txosten bat kaleratu zuen gai honi buruz, Gobernuak eskatuta.
Dena dela, François Fillon lehen ministroak ohartarazi zuen planekin aurrera jarraituko zutela, euren "usteen arrisku juridikoak" onartuta.
Orain, Gobernuaren iturriek esan dute gaur ezagututako adierazpenak ez duela kolokan jarriko Gobernuaren asmoa beloa legez debekatzeko.
Hori horrela, Ministroen Kontseiluak asteazkenean emango dio argi berdea lege proiektuari, Parlamentuan uztailean izapidetzen hasteko.
Lege proiektuak 150 euroko isunak aurreikusten ditu kalean burka edo beloa jantzita daramaten emakumezkoentzat.