Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat erasotu eta logela batean giltzaperatu dute Gasteizen
Biktimak azaldu duenez, erasoak ohikoak ziren, batez ere mutil-lagunak neurriz kanpo edaten zuenean. Horregatik, genero indarkeria leporatuta atxilotu dute gizona.
Agentziak | Erredakzioa
Udaltzaingoak 41 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, bikotekideari eraso egin eta logelan giltzaperatzea egotzita.
Gertaerak asteazken honetan, ekainak 29, jazo ziren, Gasteizko Alde Zaharrean aurkitzen den etxebizitza batean. Lekuko batzuen esanetan, bikote arteko eztabaida handi baten ostean, gizonak emakumeari eraso egin zion, eta egoera horren aurrean, poliziari deitzea erabaki zuten.
Geroago, bikote arteko eztabaida bat izan zutela aitortu zuen ustezko erasotzaileak. Halaber, emakumea oso urduri jarri zenez logelan giltzaperatzea erabaki zuela gaineratu zuen. Izan ere, bere buruari kalte egin liezaiokeenaren beldur zen.
Biktimak esan zuenez, mutil-lagunak berarekin izandako liskarrean eraso zion. Era berean, bikotekidea neurriz kanpo edaten zuenean erasoak ohikoak izaten zirela azaldu zien poliziei.
Horregatik, gizona atxilotu dute genero indarkeria leporatuta.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.