Gizartea -
Merkataritza
Udako beherapenak aurreikuspen baikorrekin hasi dira
EKA/OCUV Euskal Herriko kontsumitzaileen elkarteak gomendio zehatz batzuk plazaratu ditu, eta horien artean zentzuzko gastu-muga bat ezartzea eta erosketa-zerrenda bat idaztea daude.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal dendariek ostiral honetan, uztailaren 1ean, ekin diote udako merkealdiari, hori baita udako beherapenak abiatzeko data ofiziala.
Hala ere, 2012. urtean beherapenen aldia liberalizatu zen, eta dendaria da noiz hasten dituen erabakitzen duena. Alabaina, askok eta askok uztailaren hasierako egunak hautatzen dituzte udako eskaintzak abian jartzeko, % 20ko eta % 30eko beherapenekin, kasu batzuetan % 50eraino ere iristen badira ere.
Hori horrela, Gipuzkoako saltzaileek, adibidez, "kanpaina ona" izatea espero dute, eta, joan zen urteko datuarekin alderatuta, euren salmentak, batez beste, % 5 igoko direla aurreikusi dute.
Kanpaina honetan izango diren beherapenei dagokienez, iturri berek adierazi dute "% 30 eta % 50 artekoak" izango direla, eta batez ere ehungintzan, oinetakoetan, kosmetikan eta lurringintzan izango direla salmenta handienak. Hala ere, azpimarratu dutenez, aurten etxe-tresnen sektoreak (bereziki etxe-tresna elektrikoak eta altzariak) indarra hartuko du.
Bere aldetik, Bilboko merkatariek ere kanpaina "ona" izatea espero dute, udaberrian egon den eguraldi txarra atzera utzita, horrek ehungintzako eta oinetakoen sektoreko salmentak "kaltetu" baititu, eta horrek kanpaina “irregularra” izatea eragin du, Zazpi Kaleetako eta BilbaoCentroko merkatarien elkarteek azaldu dutenez.
Euren gomendioa da erosleak "ahalik azkarren" joan daitezela beherapenetara, baina "buru hotzarekin". "Urte guztian zehar saldu nahi dugu. Bezeroak urte osoan bezain pozik atera behar du beherapenetatik. Zer behar duen, zer nahi duen eta zer eros dezakeen jakin behar du", azaldu dute. Gaineratu dutenaren arabera, "beherapenak mauka bat dira bi alderdientzat: bezeroak prezio baxuagoan erosten ditu gauzak, eta saltzaileak likidezia eskuratzen du".
Kontsumitzaileen elkarteen gomendioak
EKA/OCUV Euskal Herriko kontsumitzaileen elkarteak "beherapenak ondo aprobetxatzeko" gomendio zehatz batzuk plazaratu ditu , eta horien artean zentzuzko gastu-muga bat ezartzea eta erosketa-zerrenda bat idaztea daude.