Gizartea -
Euskal diasporaren eguna
Gernikako arbolaren kimua, Washingtongo Kapitolioaren aurrean
John Garamendi kongresistak Euskal Herritik AEBra joan behar izan euskal migratzaile guztiak izan ditugu gogoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioaren aurrean, Washingtonen.
“Euskaditik umetan etorri ginen, zuhaitz hau bezala, baina Ameriketako Estatu Batuetan hazi egingo gara”, adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Gernikako arbolaren kimua landatzerakoan.
Bestalde, John Garamendi kongresistak bere sustraiak gogoratu ditu eta gaurko ekimen historikoa bere seme-alabei eta ilobei eskaini die, haietako batzuk bertan zirela.
“Zuhaitza hemen landatzea, Kapitolioan, gertakari berezia eta esanguratsua da, gure historiaren zati bat landatzen ari garelako, nire familiarena, Garamenditarren laugarren belaunaldiarena, nire aitona-amonak aurreko mendearen lehendabiziko urteetan Estatu Batuetara emigratu zutelako”, adierazi du.
Euskal diasporarentzako eta bizitza berri baten bila AEBra joan behar izan zuten euskal migratzaile guztientzako hitzak ere izan ditu.
“Badakit nire senideetako batzuek eta gaur hemen zaudetenon batzuenak Gernikako bonbardatzean hil zituzten. Nire lehengusuetako bat han hil zuten. Beraz, gaurkoa une berezia da, oso berezia”, azpimarratu du Garamendik.
Gaurko ekimena Washingtongo Smithsonian Folklife jaialdiaren baitan egin dute, Euskadi baita aurtengo gonbidatua.