Gizartea -

Aireportuak

Vuelingen hegaldi gehienek puntualtasuna berreskuratu dute El Praten

El Prateko aireportuko mostradoreek aurreko egunetan baino jende ilara laburragoak izan dituzte. 64 hegaldi bertan behera utzi behar izan ditu kostu txikiko konpainiak Frantziako grebagatik.

Bidaiariak El Prateko aireportuan. Artxiboko irudia: EFE
Bidaiariak El Prateko aireportuan. Artxiboko irudia: EFE
Bidaiariak El Prateko aireportuan. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako El Prat aireportuan puntualtasuna pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen ari dira Vueling konpainiako hegaldi gehienak. Dena den, atzerapen batzuk izan dira, baina azken egunetakoak baino txikiagoak.

Vuelingeko iturrien arabera, oraingoz konpainiaren egoera “normala” da eta hegaldi gehiago bertan behera geratzea ez da espero, Frantziako aire-kontrolatzaileen grebak eragindakoez gain.

El Prateko aireportuko mostradoreek aurreko egunetan baino jende ilara laburragoak izan dituzte goizeko lehen orduan.

18 hegaldi bertan behera utzi ditu Vuelingek El Praten, bederatzi irteera eta bederatzi helmuga, guztiak Frantziako aireportuekin loturak ziren. Egun bat lehenago jakinarazi zituzten, eta horregatik bidaiariak ez dira aireportura hurbildu.

700 hegaldi egin behar zituen Vuelingek mundu osoan, baina horietako 64 bertan behera utzi ditu Frantziako grebagatik.

Bestalde, Bezero eta Kontsumitzaileen Erakundeak (OCU) kaltedunak artatzeko webgune bat jarri du martxan. Eskaerak nola bideratu eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedurak azaltzen dituzte atarian.

Lanuzteak Ryanair airelineari ere egingo dio kalte; izan ere, Frantzia zeharkatu behar zuten 100 bat hegaldi bertan behera utzi beharko ditu Irlandako konpainiak.

Bost eguneko arazo eta atzerapen handiak

Vueling kostu txikiko konpainiak dituen arazoekin bat egin du Frantziako grebak. Airelineak bost egun daramatza hegaldiak bertan behera uzten eta atzerapen handiak pilatzen. Horren aurrean, udako hilabeteetarako plan bat aurkezteko eskatu dio Sustapen Ministerioak Vuelingi, hegazkin eta pilotu gehiago jartzeko dagoeneko kontratatuta dituzten bidaiak bermatu ahal izateko.

Printzipioz, Ministerioak ez du konpainia zigortuko, baina informazio espediente bat zabaldu dio. ACUV kontsumitzaileen elkarteak kritikatu egin du zigor falta hori.

Bertan behera geratzekoak ziren 40 hegaldietako 18k Bartzelonan aireratu edo lur hartu behar zuten, eta 22k Espainiako beste aireportuetan, airelineako iturriek jakitera eman dutenez. Hegaldi horiek Lyon, Niza, Bordele, Nantes, Tolosa, Marseilla, Paris-Orly eta Paris-Charles de Gaulle dute abiapuntu edo helmuga.

El Prateko aireportuari ez ezik, Valentzia, Palma, Malaga, Eivissa eta Sevillako aireportuei ere eragingo die neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Grebak Frantzia berriak Eguneko albisteak