Gizartea -
Gasteiz
Gorpu bat atzeman dute Garaioko urtegian, kiskalita zegoen auto batean
Oraindik ez dago argi nola hil den aipatutako pertsona. 15:00etan inguru aurkitu du hilotza Ertzaintzak. Agenteek hipotesi guztiak dituzte zabalik, suizidioa barne.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsona bat hilik aurkitu dute astearte honetan Garaioko urtegian, Gasteiztik 15 kilometrora. Hain zuzen ere, kiskalita zegoen auto baten barruan atzeman du gorpua Ertzaintzak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, herritar batek EAEko Polizia autonomikoari deitu dio 15:00ak baino lehen, urtegian auto bat kiskalita zegoela ohartarazteko. Agenteak bertaratu dira, eta ibilgailuaren barruan hilotz bat ikusi dute.
Suhiltzaileak ere hara Joan dira, eta, heldu direnean, autoa oraindik ere sutan zegoen.
Gorpua guztiz erraustuta dago, eta, horregatik, oraindik ezin izan dute jakin gizonezkoa edo emakumezkoa zen. Gainera, autoak ez du matrikularik.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko. Hipotesi guztiak daude zabalik, suizidioarena barne; gaueko bederatzi eta erdietan, oraindik egin gabe zegoen gorpuaren altxaketa, eta aurreikuspena zen egitea eserlekuarekin batera, ikertzen ondo jarraitu ahal izateko. Astearteko azken orduan, Ertzaintzak hilotza eraman du.
Lekuko batzuek gizon bat ikusi zuten, sua piztu aurretik
Lekuko batzuek gizon bat ikusi zuten autoan, sua piztu aurretik. Eguerdian urtegian zeuden lekuko batzuek ikusi zuten gizon bat, auto baten ondoan. Autoak zabalik zituen ateak. Bi orduren buruan, itzuli zirenean, ikusi zuten autoa kiskalita zegoela eta gorpu bat zegoela barruan.
Ertzaintza ikertzen ari da, argitzeko zer jazo den, baina lau emakume izan dira gertakari honen lekukoak. Esperanza da horietako bat. Emakume honek eta bere ahizpek Eferi esan diotenez, autoa 12:30ak aldera aparkatu dute urtegiaren iparraldean dagoen aparkalekuan; urtegiko aparkalekuaren inguruan hesi bat dago, bai eta landaredia, eta, hortaz, bertan aparkatzen dituzten autoak nahiko ezkutuan egoten dira.
Heldu direnean, lau emakume horiek ikusi dute "adin erdiko gizon bat, arropa argia zeramana, zeinak autoko ate guztiak irekita zituen, kapota barne". Pentsatu dute agian ibilgailua garbitzen ari zela.
Lau ahizpek ez dute ikusi autoak zein marka edo eredu zituen, eta alde egin dute, paseo bat emateko. Baina bueltatu direnean, 14:30ak jota, ikusi dute kea zegoela autoak zituzten gunean.
Gerturatu ahala, ikusi dute errepidea itxita zegoela, bai eta suhiltzaileak ere, eta ertzainak. Agenteak argazkiak ari ziren hartzen, eta jakitera eman diete emakumeei autoa kiskalita zegoela eta gorpu bat zegoela barnean.