Gizartea -

Araba

Garaioko gizonak bere buruaz beste egin zuela uste du Ertzaintzak

Hildakoa, 69 urteko gizona da, kiskalita zegoen auto baten barruan topatu zuten agenteek.

Gorpu bat agertu da Uribarri-Ganboan auto baten barruan kiskalita

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo arratsaldean Garaioko urtegian (Araba), Gasteiztik 15 kilometrora, hilik agertu zen pertsonak bere buruaz beste egin zuela uste du Ertzaintzak. Hilotza kiskalita zegoen auto baten barruan atzeman zuten agenteek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, herritar batek EAEko Polizia autonomikoari deitu zion 15:00ak baino lehen, urtegian auto bat kiskalita zegoela ohartarazteko. Agenteak bertaratu zirenean, ibilgailuaren barruan hilotz bat ikusi zuten. Suhiltzaileak ere joan ziren, eta eurek amatatu behar izan zuten sua.

Gorpua guztiz kiskalita zegoen, eta, horregatik, atzo ezin izan zuten identifikatu. Gainera, autoak ez zuen matrikularik.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Lehen datuen arabera, hilda topatutakoa 69 urteko gizonezko bat da, ibilgailuaren jabea, hain justu. Gorpuari gaur egingo diote autopsia Gasteizko Auzitegiko Institutu Anatomikoan. Dena dela, Ertzaintzak uste du gizonak berak su eman ziola Opel Astra marka eta ereduko autoari, bere buruaz beste egiteko asmoz.

Lekuko batzuek gizon bat ikusi zuten, sua piztu aurretik

Lekuko batzuek gizon bat ikusi zuten autoan, sua piztu aurretik. Eguerdian urtegian zeuden lekuko batzuek ikusi zuten gizon bat, auto baten ondoan. Autoak zabalik zituen ateak. Bi orduren buruan, itzuli zirenean, ikusi zuten autoa kiskalita zegoela eta gorpu bat zegoela barruan.

Ertzaintza ikertzen ari da, argitzeko zer jazo den, baina lau emakume izan dira gertakari honen lekukoak. Esperanza da horietako bat. Emakume honek eta bere ahizpek Eferi atzo esan ziotenez, autoa 12:30 aldera aparkatu zuten urtegiaren iparraldean dagoen aparkalekuan; urtegiko aparkalekuaren inguruan hesi bat dago, baita landaredia ere, eta, hortaz, bertan aparkatzen dituzten autoak nahiko ezkutuan egoten dira.

Bertara heldu zirenean, lau emakume horiek ikusi zuten "adin ertaineko gizon bat, arropa argia zeramana, eta autoko ate guztiak irekita zituen, maletategikoa barne". Hori ikusita, ibilgailua garbitzen ari zela pentsatu zuten.

Lau ahizpek ez zuten zehazterik izan autoak zein marka edo modelokoa zen, eta alde egin zuten, paseo bat ematera. Baina bueltatu zirenean, 14:30 jota, ibilgailuak aparkatzen diren tokian kea zegoela ikusi zuten.

Gerturatu ahala, errepidea itxita zegoela ikusi zuten, eta suhiltzaileak eta ertzainak inguruan. Agenteak argazkiak ari ziren hartzen, eta, gertatutakoaz galdetuta, autoa kiskalita eta barruan gorpu bat zegoela esan zieten emakumeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gasteiz albisteak