Gizartea -

Arma trafikoa

Armategi handi bat atzeman dute Bizkaiko baserri batean

32 arma labur, 55 arma luze, detonagailuak, matxeteak, munizioa, bonba-lapa itxurako bat, eta abar topatu dituzte. Pertsona bat atxilotu dute.

Armategi handia da Bizkaiko baserri horretan atzemandakoa. Argazkia: Espainiako Polizia
Argazkia: Espainiako Polizia
101 arma aurkitu dituzte Gordexolako baserri batean

1:31

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun bat arma topatu dituzte Espainiako Poliziaren agenteek Bizkaiko baserri batean, eta jabea atxilotu dute armak baimen gabe edukitzea eta arma trafikoa delituak egotzita, Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.

Atzemandako arma gehienak suzkoak dira. Europako segurtasun arautegia betetzen ez duten detonagailuak ere aurkitu dituzte. Izan ere, Poliziaren hitzetan, gailuok "modu errazean" bihur daitezke suzko arma. Atxilo hartutako gizonak armak egiteko tailerra zeukan, baita horretarako behar diren makineria eta erremintak ere.

Armez gain, honakoak topatu dituzte: munizio ugari, kargadoreak, isilgailuak, simulatutako eta moldatutako armak, piezak, kalibre ezberdineko kartutxoak, eta munizioa egiteko bolbora. Bonba-lapa itxurako bat eta bonba-maleta bat ematen zuen beste bat ere aurkitu dituzte.

Poliziaren arabera, atxilotutako gizonak atzerriko arma-dendetan erosi eta posta bidez jasotzen zituen armak, dena legez kanpo. Espainiako Polizia ikertzen ari da, baina ez dirudi armok krimen antolatuaren edota talde terroristen esku bukatzen zutenik.

Zehatz jarrita, honakoak topatu dituzte Bizkaiko baserri horretan: 32 arma labur, 55 arma luze, etxean egindako bi suzko arma, isilgailuak, kargadoreak, kalibre ezberdineko kartutxoak, bi kilo bolbora, suzko armentzako piezak eta osagarriak, 10 matxete, lantza eta katana bana.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Azken ordukoa Enkarterriri buruz