Gizartea -

Mozkor gidatzeagatik

Epaiketa errepikatzeko eskatu du mozkor gidatu zuen ertzainburuak

Frogak aurkezteko aukera ukatu ziotelako eskatu du bigarren epaiketa bat.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Landa ertzainburuak mozkor gidatzeagatik ezarritako zigorraren aurkako helegitea jarri du, bigarren epaiketa bat eskatzeko; izan ere, aurreko epaiketan frogak aurkezteko aukera ukatu eta "babesik gabe" utzi ziotela adierazi du.

Iragan apirilaren 30ean, mozkortuta autoa gidatzeagatik, epaitu zuten Ertzaintzako buruzagiari lau hilabete eta erdiko kartzela-zigorra ezarri eta gidabaimena bi urtez kendu diote, Donostiako Zigor-arloko 1go Epaitegian.

Gertakaria apirilaren 15ean izan zen, goizaldeko 02:30ak aldera, Xabier Landa 59 urteko auzipetua Irungo erdigunetik auto ofiziala mozkortuta gidatzen zihoala harrapatu zutenean.

Ordurarte Gipuzkoako Ertzaintzako lurralde buruzagia izan zena Hendaiako Komisaldegi Espainiar Frantziarreko buruzagi izendatu zuten egun berean.

Auzipetuak "abiadura geldoegia zeraman eta justifikaziorik gabeko sigi-saga mugimenduak egiten zituen".

"0,78 eta 0,75 arteko odoleko alkohol-maila eman zuen", alkohol-proban.

Akusatuaren bertsioa (arauz kontrako maniobrak egin zituela ETA bere atzetik zebilela uste zuelako) "erabat logikarik gabekoa" dela uste du epaileak; izan ere, gidatzen jarraitu zuen bere atzetik Polizia egon arren.

Landaren ustez, frogak aurkezteko aukera ukatu zioten ahozko epaiketan; besteak beste, Ertzaintzako lau kideren testigantza. Antza denez, lau kide horiek berarekin izan ziren atxilotu eta gutxira, eta hori dela eta, bere egoera fisikoaz lekukotasuna eman lezakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea