Gizartea -
Zorigaiztoko ezbeharra
4 eta 6 urteko anai-arrebak hil dira Bartzelonako etxe bateko sutean
Hirugarren bat, bi urtekoa, larri dago, eta beste 11 pertsonak larridura maila ezberdineko zauriak dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Lau eta sei urteko anaia-arrebak hil dira eta bi urteko hirugarren bat larri zauritu da gaur Bartzelonako Sant Marti barrutiko etxebizitza batean izandako sute batean. Larridura maila ezberdineko zauriak dituzten beste 11 pertsona daude.
Bartzelonako suhiltzaileen arabera, Rodes kaleko 6. zenbakiko beheko solairuan piztu da sutea, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko. Besos auzoan dago etxebizitza, Bartzelonako Forumetik gertu.
Garrak piztu diren etxebizitzan, hiru adingabe eta horien gurasoak zeuden. Adingabeetako bi, 4 eta 6 urtekoak, hil dira, eta bestea oso larri eraman dute Vall d'Hebron ospitalera. 27 urteko emakumea eta 33 urteko gizona ez daude horren larri.
Beste sei pertsonak kolpe ugari jasan dituzte, garrek etxebizitzan gora egiten zutela ikusita, salto egin dutelako. Beste lau pertsona zauritu dira.
09:00etan piztu da sutea. Bartzelonako suhiltzaileen 10 ibilgailu, hiru anbulantzia, Osasun Larrialdietarako Zerbitzuko bost unitate, udaltzainak eta Esquadrako mossoak bertaratu dira.
Inguru guztia hesitu dute.