Gizartea -
Istripua
30 bat lagun zauritu dira tren bat bidetik aterata, Mallorcan
Zaurituetako bat, tren gidaria, koman dago. Euskarri murru bat erori delako gertatu da ezbeharra.
Erredakzioa
30 pertsona inguru zauritu dira Manacor-Palma ibilbidea egiten ari zen tren bat bidetik irtenda, 06:44 aldera, Sineun, Balearretako Larrialdi Zerbitzuetako iturriek jakinarazi dutenez.
Zauritu guztiek, bik izan ezik, zauri edo kolpe arinak dituzte. 50 urteko tren gidaria, berriz, egoera oso larrian dago, bularrean kolpe handia jaso duelako eta burezur-garuneko traumatismoa duelako. Koma egoeran dago eta Son Duretako Ospitalera eraman dute, 061en UVI mugikor batean.
Trenaren ikuskatzailea da larri zauritu den beste laguna, eta Juaneda Klinikan dago ingresatuta. Gainerako zaurituak Manacor, Inca eta Sineuko PACera eraman dituzte.
Istripua
Istripua zerk eragin duen galdetuta, Antoni Verger Balearretako Mugikortasunaren zuzendari nagusiak azaldu du euskarri murru bat erori delako gertatu dela. Murrua bart erori da eta trenbidea tonaka lur eta harri zatik hartu dute.
Horren ondorioz, gaur goizean Manacorretik Palmara zihoan lehenengo trenak, 50 inguru bidaiari zeramatzanak, talka egin du lur eta harri zatien kontra eta trenbidetik irten da.
Trena bost bagoik osatzen zuten, eta horietako hiru atera dira trenbidetik. Suhiltzaileak eta teknikariak etengabe dihardute lanean bagoiak bertatik kentzeko.
Ikerketa
Balearretako Ingurugiro eta Mugikortasun Kontseileritzak informazio espedientea ireki du istripua argitzeko asmoz. Izan ere, bi aukera nagusi dituzte eskuartean: murrua eraikitzerakoan akatsen bat egin zutela edo azken egunotako euriteen ondorioz erori dela.