Gizartea -
Frantziatik
Amaren baimenik gabe alaba Bizkaira eraman duen aita bat atxilotu dute
Espainiako Poliziak jakitera eman duenez, aurreko udan eraman zuen aitak alaba Frantziatik, amarekin adostu gabeko bisita bat aprobetxatuta.
agentziak | erredakzioa
Aita bat atxilotu dute Bizkaian zazpi urteko alaba amaren baimenik gabe eramateagatik. Amak du alabaren ardura, eta Frantzian bizi dira.
Espainiako Poliziak egin du atxiloketa, Frantziako epaitegiek hura atxilotzeko emandako euroagindu bati jarraituz.
Espainiako Poliziak prentsa-ohar batean azaldu duenez, aurreko udan eraman zuen aitak alaba Frantziatik, amarekin adostu gabeko bisita bat aprobetxatuta.
Atxilotua Auzitegi Nazionalaren esku utzi dute, eta adingabea, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Haurrak Babesteko Zerbitzuan, amarekin harremanetan jartzen diren arte.