Gizartea -
ZALDIBIA
Gizon bat atxilotu dute Zaldibian, argindar kablea lapurtzen ari zela
Ertzaintzak jakitera eman duenez, elektrizitate sareko arketa batean harrapatuta geratu da, ez atzera ez aurrera, kablea mozten ari zenean.
ERREDAKZIOA
41 urteko gizonezko bat atxilotu du bart Ertzaintzak Zaldibian, argindar kablea lapurtzen ari zela, arketa barruan harrapatuta geratu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gorputz erdia buruz behera sartuta zuen arketa barruan, kablea guraize batzuekin mozteko.
Harrapatuta, kanpora atera ezinda, geratu denean, oihuka hasi da eta bizilagun batzuek ohartarazi diote Ertzaintzari. Erreskatatu ondoren, atxilotu egin dute, lurreko kable zati bat moztuta baitzuen ordurako.
Ertzaintzaren arabera, gainera, aurretik beste hiru arketatatik argindar kablea lapurtuta zuen, Zaldibian bertan. Inguruan aparkatutako moto batean gordeta zuen, antza, lapurtutako materiala.
Atxilotutako gizonezkoak aurrekariak ditu antzeko delituengatik. Osasun zentro batean artatu ondoren, Ertzaintzaren polizia-etxera eraman dute, eta ondorengo orduotan utziko dute epailearen esku.