Gizartea -

Animalien tratu txarrak

17 atxilotu Bizkaian, Kantabrian eta Asturiasen, oilar-borrokengatik

Borroketarako prestatu eta entrenatu dituzten 217 oilar berreskuratu ditu Guardia Zibilak. Halaber, ustez apostu egiteko erabili dituzten 600 euro konfiskatu dituzte.

(Artxiboko irudia). Argazkia: Foruzaingoa
(Artxiboko irudia). Argazkia: Foruzaingoa
(Artxiboko irudia). Argazkia: Foruzaingoa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hamazazpi gizon atxilotu ditu, horietako bat adingabea, oilarrak borroketarako prestatzea leporatuta. Kantabrian, Asturiasen eta Bizkaian aurrera eraman duten Pugnator Operazioaren baitan, agenteek 217 oilar konfiskatu dituzte.

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, salaketa baten harira hasi zuten ikerketa. Orduan, Kantabrian oilar-borrokak egiten zituztela eta hegazti-haztegi bat zutela esan zieten. Oilar-borrokak legez debekatuta daude. Une horretan, Kantabriako hiru tokitan eta Bizkaiko herri batean lagun talde bat biltzen zela ohartu ziren, asteko egun jakin batzuetan.

Zainketa lanak egin ostean, agenteek oilar-borroketan hildako bost animalia berreskuratu zituzten. Kantabriako Santiago de Cartes udalerrian dagoen etxebizitza batean sartu zirenean, elbarrituta zeuden bi oilar aurkitu zituzten agenteek; izan ere, borrokan ibili ostean zauri burua zaurituta zuten animaliek.

Hortaz, animaliei tratu txarrak ematea leporatuta, Guardia Zibilak hamaika gizon atxilotu zituen une horretan, horietako bat 16 urteko gaztea. Hurrengo egunetan, sei gizon gehiago atxilotu dituzte agenteek. Guardia Zibilaren arabera, animaliak borroketarako prestatzen eta entrenatzen zituzten.

Pugnator Operazioan, agenteek 217 oilar konfiskatu dituzte, eta horietako 179 Cangas de Onis-eko (Asturias) hegazti-haztegi batean aurkitu dituzte. Borrokarako erabili dituzten oilarrek 100.000 euro baino gehiagoko balioa izan dezakete merkatuan, Guardia Zibilaren esanetan. Halaber, ustez borroketan apustu egiteko erabili dituzten 600 euro ere konfiskatu dituzte.

Ikerketa zabalik dago, eta Guardia Zibilak gertatutakoa argitzen dabil.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Kantabria azken ordukoa