Gizartea -
EuroPython kongresua
Bilbon bilduko dira Python lengoaiaren programatzailerik onenak
Programazio-lengoaia horretan aditu diren lagunak Euskalduna Jauregian batzartuko dira hilaren 24ra bitartean. Kongresuaren antolatzaileekin solasean izan gara.
T. SAN JOSÉ | EITB.EUS
Python programazio-lengoaiaren inguruko kongresua hartuko du, uztailaren 24ra arte, Bilboko Euskalduna Jauregiak, bigarren urtez jarraian. EuroPython Biltzarraren XV. Edizioak 1.500 lagun baino gehiago bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan, eta litekeena da 4 milioi euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa eragitea.
Python informatika-tresna horren gainean gehiago ezagutzeko xedez, kongresuko antolatzaileekin izan gara hizketan, Informatikan dotore eta ACPYSS eta EuroPython Societyko diruzain Borja Ayerdirekin, eta ACPYSSeko presidente eta EuroPython Societyko kide Oier Echanizekin, hain zuzen ere.
Hasteko, aditu ez garenontzako galdera, zertan datza programazio-lengoaia?
Makinak pentsarazi, ekinarazi eta ulertarazi egiteko balio du programazioak. Programarik gabeko ordenagailu bat ez litzateke ezer egiteko gai izango. Gaitasuna izango luke (hardware), baina zer edo zer egiteko irakaspena faltako litzaioke.
Python programazio-lengoaia da. Zergatik da hain erakargarria?
Sortu diren programazio-lengoaietako bat da Python-a. Lengoaia argia, garbia eta erraza da. Aukera onenetarikoa programazio-munduan murgiltzeko. Dena dela, interpretatu beharreko programazio-lengoaia da Python-a, hau da, ezin da metatu, eta programatzaileak idatzi duena interpretatu ahal izateko, makina birtual bat behar du.
Zeintzuk dira Python erabiltzen duten aplikazioak eta webguneak?
Asko dira, esaterako, Google bilatzailea eta Facebook sare soziala. Gainera, gomendio-sistemetarako edo big data-rentzako bestelako tresnak erabiltzen dituzte.
Ba al daude programazio-lengoaia horrekin lanean ari diren euskal enpresak?
Euskadin, momentuz, ez dute apenas erabiltzen. Hori bai, EuroPython kongresua babestu nahi izan duten bi enpresa gipuzkoar daude: Codesyntax eta Plethora. Jakin badakigu, gainera, hainbat lan konkretuetarako Python erabiltzen dutela hainbat ikerketa-zentrok. Horrekin batera, gero eta zientzialari gehiagok ere lan egiten dute lengoaia horrekin.
Dirudienez, Pythonek arrakasta handia izan du. Zer dela eta?
Erabiltzeko erraza delako. Gainera, oso segurua da, aplikazioetan erabil daiteke unean-unean, eta Open Source komunitate zabala eta laguntzailea dauka.
Bi urtez jarraian aukeratu duzue Bilbo EuroPython batzarraren egoitza moduan. Zergaitik?
Iazko edizioak izandako arrakasta erabakigarria izan da. 2015ean EuroPython elkarteak arazoak izan zituen hasiera batean hautatutako egoitza-lekuarekin. Orduan, oso denbora laburrean, sei hilabetetan baino ez, kongresuarentzako toki berria bilatzea egokitu zitzaigun. Bilboren alde egin genuen, eta poz-pozik amaitu zutenez, bigarrez urtez Bilbora ekartzea erabaki du elkarteak.
Nolakoa da EuroPython kongresuaren parte-hartzaileen profil profesionala?
Pythonekin lotura duten edo izan nahi dutenei zuzendutako dago kongresua. Lehenengo egunean hasiberrientzako hitzaldiak izango dira, eta hurrengo egunetan erdi edo goi mailako jakintza dutenentzakoak ere. Hitzaldi horiek, oro har, ikasleentzakoak zein gehiago sakondu nahi dutenentzakoak dira. Bestalde, talentu berrien bila dauden enpresariak eta balizko langileak bilduko ditugu bertan.
Zer nolako mozkinak ekarriko dizkigu EuroPythonek?
Alde ekonomikotik ikusita, eragina itzela izango da, 1.000 lagun baino gehiago izango baitira astebetez Bilbon zehar. Gainera, lan alorrari ere eragingo dio, kongresuan parte hartzen duten enpresarien ia % 100ak kontratazioak egitea baitu helburu.
Etorkizunean Bilbok kongresuaren egoitza izaten jarraituko du?
Oraindik erabakitzeke dago, baina seguru aski, datorren urtean beste leku bat aukeratuko dugu. Hala eta guztiz ere, baliteke datozen urteetan berriro Bilbo aukeratzea.