Gizartea -
BASAURI
Basaurin abandonatuta aurkitutako abelburuen jabea ikertuko dute
34 buru atzeman zizkioten, abandonatuta eta desnutrizio egoeran, eta 60.000 euro arteko isuna jar diezaioke Bizkaiko Foru Aldundiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Basaurin abandonatuta aurkitutako abelburuen jabea ikertuko du Ertzaintzak, lege-hausterik egin duten argitzeko. 34 zaldi, asto eta poney aurkitu zituzten Basauriko etxalde batean, abandonatuta eta desnutrizio. Bizkaiko Foru Aldundiak zehapen-espedientea zabaldu du ganaduzalearen kontra, eta 60.000 euro arteko isuna jar diezaioke. Lehendik ere, 14 isun-espediente ditu, beste arau-hauste batzuekin lotuta.
Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak atzo eman zituen kasuari buruzko argibideak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bertan nabarmendu zuenez, zabaldutako espedientearen bidez, lau arau-urratze ikertuko dituzte. "Lau arau-hauste larri izan daitezke; horietako hiruk 3.000 eta 60.000 euro arteko isuna ekar dezakete. Besteak, berriz, 600 eta 6.000 euro arteko isuna", esan du.
Unzuetak gaineratu duenez, denera, 34 abelburu atzeman dizkiote ikertuari: 23 identifikatu gabe zituen, eta 11 beste erkidego batzuetako ganaduzaleen izenean.
Foru Aldundiaren ikerketaz gain, Ertzaintzak beste bat zabaldu du, akzio penalik egon den aztertzeko.
Diputatuaren arabera, kasuaren "larritasuna" eta ikertutako gizonezkoak aurrekariak izatea kontuan hartuko dira, isuna ezartzerakoan.