Gizartea -
Iruña
Gazte bat zaurituta beste baten argazkiez barre egiteagatik Tuentin
14 eta 15 urteko adingabeak Nafarroako hiriburuko kale batean topo egin zutenean hasi zen liskarra. Batek labanaz egindako zauriak jaso ditu sorbaldan, besoan eta masailalboan.
Erredakzioa
Diario de Navarrak berri eman duenez, adingabe batek beste bat labanaz zauritu egin du Iruñean, Tuentin igotzen zituen argazkiez barre egiteagatik.
14 eta 15 urteko bi gazteak San Fermin kalean egin zuten topo eta bertan hasi zen liskarra.
Borroka amaitu zenean, 14 urteko gaztea hospitalera eraman behar izan zuten labanaz masailalboan, sorbaldan eta besoan jasotako zaurien ondorioz.
Gertakaria iragan astean izan zen eta zauritua ospitalean dago oraindik.
Borrokan lekuko batek Poliziari eman zion abisua, baina agenteak heldu zirenean, ustezko erasotzaileak alde egin zuen, bere motxila ahaztuta bertan utziz.
Poliziak laster aurkitu zuen ustezko erasotzailearen etxea, baina gaztea lagun baten etxean ezkutatu zen eta ez zen bere etxera arratsaldeko azken ordurarte itzuli.
Borrokan erabilitako labana Gurutze plazako iturrian aurkitu dute, ihesaldian bertara jaurti baitzuen.
Erasotzailea etxera itzuli zenean, amak bere bila zeudela adierazi zion eta biak Poliziarengana jo zuten. Lesio delitu bat leporatu diote.