Gizartea -

Nafarroa

Adin txikiko neska batek sexu-abusua salatu du Barañainen

Ustezko erasotzailea, 30 urteko barañaindarra, atxilotu egin dute eta epaileak aske utzi du, baldintzapean. Udalak elkarretaratzea deitu du ostegunerako.

Barañain
Barañain
Barañaingo adingabeko neska batek sexu-abusua salatu du

0:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adin txikiko neskato batek sexu-abusuak salatu ditu Barañain Nafarroako herrian, aurreko igandean. Poliziaren ikerketaren ondorioz, 30 urteko barañaindar bat atxilotu dute, sexu-erasotzailea izatea leporatuta. Udalak protesta deitu du ostegunerako.

eitb.eus-ek hainbat iturriren hitz egin ostean jakin ahal izan duenez, Udaltzaingoak igande arratsaldean jaso zuen bortxaketaren salaketa.

Udaltzainen gomendioen ostean, neskak txosten medikua aurkeztu zuen polizia-etxean, bere tutorearekin zegoela.

Ondoren, udaltzainek ustezko erasotzailea identifikatu, atxilotu eta epailearen esku utzi zuten. 30 urteko barañaindarra da, aurrekaririk gabekoa.

Atzo, astelehena, aipatutako iturriaren arabera, Iruñeko Zigor Arloko 2 zenbakiko Auzitegiko epaile titularrak aske utzi zuen, eta astero guardiako epaitegian aurkeztea agindu zion. Gainera, ezingo da neskarengana hurbildu, 200 metro baino gutxiagora, auzia martxan dagoen bitartean.

Gertaera horien aurrean, Barañaingo Udalak azpimarratu egin du indarkeria matxista "lehen mailako arazoa" dela.

"Eguneroko ogia da emakume askorentzat", gaineratu du Udalak. "Neurri batean, ezkutuan mantentzen den arazoa da, justifikatu eta estali egiten da, eta ez da arazo pribatua, inolaz ere". "Arazo kolektiboa da, denona, hortaz, danoi dagokigu indarkeria matxistari aurre egitea", esan du.

Hortaz, gertatutakoa "gogor gaitzetsi" eta gero, elkartasuna eta babesa adierazi dio herriko bizilagunari, eta horren ingurukoei.

"Eraso nazkagarri horrek, inoiz baino gehiago, argi utzi du gizarte orekatua eraiki eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean boterean oinarritutako harremanak gainditu egin behar direla", gaineratu du Udalak. Lan horretan -dio- erakunde publikoek "erantzukizun berezia" daukate.

Hala, Udalak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, abuztuaren 4a, 12:00etan, udaletxearen atarian, eta herrian aurrerantzean deitutako protesta guztiekin bat egingo duela adierazi du.

Era berean, igarri duenez, eraso sexisten kontrako pankarta ikusgai jarriko dute udaletxearen horman aste guztian.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Nafarroa gaur Salaketak berriak Gizartea albisteak Albisteak Umeak albisteak gaur Sexu erasoak Barañain azken ordukoa