Gizartea -
Las Nieves kanpina
Biescasen duela 20 urteko hildako 87 pertsonak omenduko dituzte gaur
1996ko abuztuaren 7an Biescasen izandako euriteak Las Nieves kanpina suntsitu zuen eta 87 pertsona hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Huescako Biescas udalerrian gaur omenaldia egingo diete orain 20 urte Las Nieves kanpinean izandako tragedian hildako 87 lagunei, eta biktimei zuzendutako memoriaren gune bat inauguratuko dute kanpina zegoen inguruan.
Euriak ezustean harrapatu zituen 1996ko abuztuaren 7ko arratsaldean Las Nieves kanpinean zeuden turistak. Aras arroila urez eta lokatzez bete zen eta segundo gutxiren buruan kanpinaren instalazioak apurtu zituen. Ezbeharrean 87 pertsona hil ziren eta 200 lagun zauritu. Asko oporrak Pirinioetan igarotzen ari ziren euskaldunak ziren.
Luis Estaun Biescaseko alkateak adierazi duenez, egiteke dagoen omenaldia da: "Ez zegoen gertatutakoa gogoratzeko tokirik eta senideek joan ahal izango duten toki duina izatea nahi genuen".
Oriol Espinosa kaltetuetako batek egindako eskariaren erantzunez, lehen aldiz Biescaseko Udalak omenaldia egingo die biktimei. Espinosaren esanetan, duela 20 urteko tragedian ama galdu zuen Oriol Espinosak gaia jorratzeko gonbita egin zion Udalari eta beste zenbait biktimaren senideek ere iritzi bera agertu zuten.
Omenaldi ekitaldia 16:30ean hasiko da Biescaseko pilotalekuan eta bertan izango dira Biescas, Sabiñanigo eta Jaca udalerrietako alkateak, hurrenez hurren, Luis Estaun, Jesus Sierra eta Jose Manuel Ramon. Ordu erdi geroago, Cobo medikuak elkartasunari eta gizarte erantzunari buruzko hitzaldia eskainiko du.
18:00etan Jacako gotzainak biktimen aldeko meza emango du eta elizkizunean Santa Elena abesbatzak kantatuko du. 19:00etan Las Nieves kanpina zegoen tokian egindako memorialera joango dira biktimen senideak eta Biescaseko alkateak hartuko du hitza.
Biescasen, orain dela hogei urte kanpina egon zen lekuan, hemendik aurrera parke bat eta Teresa Pueyok sortutako hiru eskultura egongo dira, urek eraman zituztenak gogoratzeko.