Gizartea -

Protesta Bilbon

2010ean EAEn 1.255 familia etxetik bidali dituztela salatu dute

ELAk, LABek, Caritasek, Elkartzenek eta Berri Otxoak azken bi urteetan hipoteka ez ordaintzeagatik etxetik bidali dituztenen kopurua 2.300ra iritsi dela diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zenbait kolektibo sozialek eta sindikatuk salatu dutenez, 2010eko lehenengo bost hilabeteetan 1.255 familia bidali dituzte etxetik EAEn ekonomia krisiaren ondorioz hipoteka ezin izan dutelako ordaindu.

Azken bi urteotako datuak eskuartean, kopurua 2.300 igo dela azaldu du Julene Gabiola bozeramaileak Bilboko Arte Eder Museoaren parean egiten ari diren kontzentrazioan. Izan ere, gaur eta bihar "Gardentasuna etxebizitza politikan: ebaluazioa eta herritarren partehartzea".

Gabiolak gaineratu du kopuru ofizial zehatzik ez dagoela alokairuaren inguruan, baina alokairuen harira egin diren epaiketa kopurua % 20 inguru hazi omen da 2007tik.

Egoera horiei irtenbidea emate aldera, bozeramaileak eskea egin die "banketxeak ehunka milioi eurorekin erreskatatu dituztenei eta eraikuntza ez gelditzeko dirutzak xahutu dituztenei, luzamenduaren kontzeptua ezar dezaten kasu horietan".

ELAk, LABek, Caritasek, Elkartzenek eta Berri Otxoak deitutako protesta ekitaldian hiru pertsona "gurutziltzatu" dira honako kartelaren azpian: "Horrela uzten gaitu krisiak, murrizketa sozialek eta etxetik kanporatzeak".

Haien ondoan, bi "erromatar" zeuden zigorraz kolpeak ematen Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuaren izena arropan itsatsita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea