Gizartea -
Adierazpen askatasuna
Pablo Hasel inputatu dute, Twiterren idatzitako txioengatik
Rap abeslariak ohartarazi du ez dutela "isilduko", inputazioak inputazio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin du Pablo Hasel rap abeslari kataluniarra, azken hilabeetan Twitterren idatzitako hainbat txio direla eta. Horrenbestez, artistak irailaren 1ean deklaratu beharko du.
Hori horrela, epaileak onartu egin du Fiskaltzak abeslariaren aurka jarritako salaketa. Besteak beste, terrorismoa goratzea, Koroaren aurka egitea eta Estatuaren erakundeei irainak eta kalumniak esatea egotzi dio.
Abeslariak bi urteko espetxe zigorra du jada, bere abestietako hainbat letragatik, "merezi du Patxi Lopezen autoak eztanda egitea", kasu. Dena dela, artista ez zen sartu espetxean, aurrekaririk ez zituelako.
Orain Fiskaltzak salatutako txioetan, Haselek "lapur" deitu dio Espainiako erregeari, Poliziari "kolpatzea eta torturatzea" egotzi dio eta espetxeak "sarraski-zentroak" direla adierazi du.
Hau ez da Haselek jaso duen salaketa bakarra. Izan ere, Angel Ros Lleidako alkateak heriotza mehatxua egitea leporatu dio. Kasu horretan, Fiskaltzak urte bat eta hiru hilabeteko zigorra eskatu haren aurka.
Inputazioaren berri izan ostean, Hasel haserre agertu da Twitterren, eta ohartarazi du ez dela "isilduko".